Parte hartzeko oinarriak ere ezagutzera eman dituzte antolatzaileek. Jakitera eman dutenez, sariketan parte hartu nahi duten margolariek 08:00etatik 10:30era izena eman ahalko dute udalbatza aretoan. Izena ematerako orduan, ohi modura, zigilua emango zaie margo oihalei. Lanak aurkezteko ordua ere zehaztu dute: mihiseak 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira, izena emandako leku berean.
Artelanen gaia librea bada ere, horiek, nahitaez, inguruetako ageriko tokietan margotu beharko dituzte artistek. Besteak beste, inguruko paisaiak, txokoak, eraikinak, herritarrak… margotu ahal izango dituzte, kaletik igarotzen diren herritarrek eta bisitariek euren lana bertatik bertara miresteko aukera duten bitartean. Lanak irudikatzeko, gainera, nahi duten teknika erabili ahal izango dute.
Sari banaketa. Guztira, 2.850 euro banatuko dira saritan, udalbatza aretoan 14:30ean egingo den ekitaldian. Azpimarratu dutenez, erabakia antolatzaileek erabakitako epaimahaiak emango du, eta “apelaezina” izango da. Ohi modura, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egingo dute: udalbatza aretoan egongo dira ikusgai datorren astean.
Udalak jakinarazi du bost sari banatuko dituela, honakoak:
- Lehen saria: 800 euro.
- Bigarren saria: 500 euro.
- Hirugarren saria: 350 euro.
- Laugarren saria: 200 euro.
- Saritu gabeko herriko lehen sailkatua: 250 euro.
Cardenas Fundazioak, bere aldetik, beste hiru sari berezi emango ditu:
- Maria Esperanza Chavarri akuarela saria (lehendik saritu gabeko akuarela onena): 300 euro.
- Marques de Prado Ameno sari berezia (teknika librean, aurretik saririk jaso ez duten 21 urtetik beherako gazteentzat): 150 euro.
- Blanca Vilallonga saria (Itsasoa gaitzat duen eta lehen saritu gabeko lanik onena): 300 euro.