25 urte Berriketan goiburupean, ekitaldi xume bat, hilabetekariaren ale zaharren erakusketa (eta luntxa) eta Bergarako Harria folk-rock musika taldearen emanaldiarekin osatutako egitaraua dakar aldizkariaren 25 urteko ibilbidea ospatzeko ostiral iluntzerako antolatu den festak. Hitzordua 19:00etan hasiko da, Kultur Elkartean; eguraldi txarra egingo balu, berriz, litekeena da paseo estalian egitea. Eta herritar guztiei egin diete festara bertaratzeko deia, “25. urtemuga borobila elkarrekin ospa dezagun“.
Zuhatzan eta Berriketan-en lanean diharduten kideek azaldu bezala, “Zuhatza Euskara Elkartea sortu eta urtebetera, 1998ko abuztuan zehazki, argitaratu zen Berriketan euskarazko tokiko hedabidearen lehenbiziko alea. Pauso asko eman ditugu bidean, elkarrekin, eta beste hainbeste eman nahi ditugu aurrerantzean ere. Noizean behin, baina, ospakizunerako tarte bat ere atera nahi dugu eta horretara dator, hain justu, ostiraleko hitzordua”.
“Bidelagunen zerrenda amaigabea”
“Euskara elkarteko bazkideek, aldizkarian modu batean zein bestean parte hartu dutenek (argazkiak ateratzen, idatziak prestatzen, kolaboratzaileak proposatzen, elkarrizketak egiten edo eskaintzen, inkestak egiten, publizitatea lotzen edo iragarkiak jartzen, maketatzen, pegatak jartzen, aleak banatzen…), irakurleak,… guzti-guztiak izan dira ezinbesteko Berriketan-en 25 urteotako historian. Bidelagunen zerrenda amaigabea da. Eta haiekin guztiekin jarraitu nahi dugu bidea egiten, noski, beste mende laurden batez gutxienez!”, gogorarazi dute.
Hori dela eta, irailaren 15eko ospakizunean bertan ere “alboan” izan nahi dituzte herritarrak; “animatu eta etorri hitzordura, zuen zain egongo gara!”.