Marea biziek marearteko zabalgunea gertutik ezagutzeko aukera “aproposa” eskaintzen dute, eta irailean izan ohi diren urteko marearik bizienak itsasertzeko fauna gauez ezagutzera emateko baliatuko ditu, beste behin ere, Debanatura Ingurumen Heziketa elkarteak. Itsasoko uraren maila baxuenak baliatuz, bina bisita gidatu egingo dituzte Deban eta Zumaian.
Elkarteko arduradunek zehaztu dutenez, Flysch at night deituriko eko safari gautarrak irailaren 15ean eta 29ean egingo dituzte, Debako hondartzatik abiatuta. Biologo baten laguntzarekin egiten diren irteerek bi orduko iraupena dute: hilaren 15ean, 21:15etik 23:15era burutuko dute bisita eta hilaren 29an, berriz, 21:30etik 23:30era. “Gutxi gorabehera, bi orduz, eta kopeta argi batez argituta, marea bizien eta ilargi betearen edo berriaren erritmoan esperientzia ahaztezin bat bizitzeko aukera izango dute parte hartzaileek”, azaldu du Diego Mendoza elkarteko presidenteak.
Bisita gidatuak gauez izatearen arrazoia ere azaldu du Mendozak. Bere esanetan, “harritzekoa bada ere”, iluntasunean “errazago” ikus daitezke itsasgora erretiratzean putzu eta harkaitz artean geratu diren itsas animaliak. “Gertakari natural hau egunez ikusgarria bada, zer esanik ez gauez. Marearik bizienek marearteko zabalguneko izaki bizidunak ikusteko aukera bikaina eskaintzen dute”. Bisitan parte hartuko dutenek muxarrak, karramarroak, itsas izarrak, olagarroak, bogak, anemonak, itsas trikuak, zarboak eta bertako beste hainbat espezie ikusteko aukera izango dute.
Irteera gidatuak 7 urtetik gorakoei zuzenduta daude eta, ibilbidea erraza bada ere, “arretaz” ibili beharra dagoela gogorarazi dute. Gomendagarria da ere haitzetan eta putzuetan ibiltzeko arropa erosoa eta oinetako egokiak eramatea, baita ordezko oinetakoak eta galtzerdiak ere. Horrez gain, kopeta argi bat ere eramatea eskatu dute.
Irteera gidatuek edukiera mugatua dute eta, hortaz, aurrez izena eman behar da. Interesa dutenek debanatura@hotmail.com posta elektronikora idatzita edo 695 78 36 56 telefono zenbakira deituta izena eman dezakete. Irteeraren prezioa 10 eurokoa da, erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguruak barne.