Surf oholen teknologia, olatuak nola sortzen diren azaltzeko informazioa eta kirol horren praktikari buruzko xehetasun zientifikoak herritarrei azaltzeko asmoz antolatutako Surfa eta zientzia izeneko erakusketa Debara iritsi da. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean abiatutako ekimenak, hain zuzen, surfa ikuspegi zientifikotik azaltzeko asmoa dauka, eta horretarako infografia sorta bat prestatu dute.
Hilaren 24ra arte ikusi ahal izango da erakusketa, eta udal iturrien iritziz, Deban surfa gero eta jende gehiagok praktikatzen duela ikusirik, “erabilgarria” izan daiteke kirol hori praktikatzen dutenentzat. Antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru irudik osatzen dute infografia sorta. Lehenengoan, oholen teknologia eta horiek historian izan duten garapena deskribatzen da, zurezko tauletatik material berriekin egindakoetara emandako aldaketak modu bisualean erakutsiz.
Bigarren irudian, aldiz, uhinen sorreran haizeak, periodoak edota mareek daukaten eragina zehazten da eta, aldi berean, surf egiteko olatu egokienak zeintzuk diren ere deskribatzen dira. Hirugarren irudian, azkenik, surfa nola egiten den azaltzen da eta, betiere ikuspegi zientifiko batetik, olatua hartu eta horren gainean mugitzeko zehaztasunak ematen dira.