Irailaren 30ean ospatuko den Euskal Jaiko bazkari herrikoia antolatzeko bilera irekia egin zen atzo (irailak 13) Kultur Elkartean, Zuhatza elkartearen ekimenez. Bertan, aurtengo bazkariaren nondik norakoak izan zituzten hizpide eta hitzordua aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela jakinarazi dute.
Euskara elkarteak antolatuko duen herri bazkaria egiteak dakartzan zereginak zehaztu eta txanda ezberdinetan banatu dituzte egin beharrekoak, herritarrei laguntzaile gisa jarduteko aukera ezberdinak eskainiz.
Pilotalekua atontzeko, sukaldean laguntzeko, Zuhatzaren zozketako txartelak saltzeko, txosnan lana egiteko edota txosna desmuntatzeko honako txandak antolatu dituzte:
- 09:30. Mahaiak eta aulkiak jartzea, eta pilotalekua prestatzea (kuadrilla bakoitzetik bi pertsona).
- 09:30. Txosna muntaketa (hiru pertsona).
- 10:00. Sukalderako laguntzaileak, bazkaria prestatu arte (bost pertsona).
- 12:30-14:30. Zuhatzaren zozketako txartelen salmenta plazan (lau pertsona).
- 14:30-15:30. Txosnan aritzeko bost pertsona.
- 15:30-16:30. Txosnan aritzeko lau pertsona.
- 17:30. Txosnan aritzeko hiru pertsona, itxi arte.
- 18:30. Txosna desmuntatzeko, eta paella-ontziak nahiz frontoia garbitzeko (lau pertsona).
Boluntario bezala parte hartu nahi dutenek 688 840 308 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezakete.
Paella jana edo norberak daramana
Formatu mistoan egingo da aurten ere bazkaria. Alde batetik, norberak bere janaria eramateko aukera izango du eta, bestetik, paella platerak ere eskainiko dira euskara elkartearen eskutik. Antolatzaileek adierazi dutenez, paella janerako txartelak aurrez salduko dira eta ondoko egunetan emango dute horren berri.
Adierazi dutenez, 600 lagunentzako lekua egongo da Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, paella janerako txartela eduki ala ez, 09:30etik aurrera. Pilotalekua txukun mantentzea herritar guztien ardura dela ere gogorarazi dute.