Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza Euskara Elkarteak edukiko du irailaren 30ean ospatuko den Euskal Jaiko herri bazkaria antolatzeko ardura. Aurten ere, 600 lagunentzako lekua egongo da Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, 09:30etik aurrera. Zehaztu dutenez, kuadrilla bakoitzetik prestaketa lanetan laguntzeko bina lagun etortzea eskatzen da.
Norberak bere janaria eramateko aukera edukiko du, baina nahiago dutenek euskara elkarteko kideek sukaldatutako paella platerak jateko aukera izango dute; iragarri dutenez, oilaskoarekin eta untxiarekin edo barazkiekin egindako paellak prestatuko dituzte. Paella janerako txartelak osteguna (irailak 21) ipiniko dituzte salgai, 8 euroren truke. “Prezio horren barruan ogia ere sartzen da”.
Txartelak berandu baino lehen erosteko gomendatu dute, 300 txartel ipiniko dituzte salgai eta. Txartelak eskuratzeko bi era daude. Ohi modura, Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan (Ifar kalea 12, behea) eskura daitezke, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara. Nahiago dutenek, WhatsApp bidez erreserba egiteko aukera ere izango dute, 632 04 33 22 telefono zenbakira idatzita. Txartelak erosteko azken eguna irailaren 27a da.
Aurten ere txosna ipiniko dute euskara elkartekoek, eta edaria bertan kontsumitzea eskatu dute. “Kupelik ez da egongo aurten, baina txosnan sagardoa, ardoa, garagardoa, ura, freskagarriak eta kopak egongo dira aukeran”.