Abian da euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jartzea helburu duen Primeran doako plataforma digital berria. Edukiok ikusgai daude primeran.eus atarian, SmartTV ezagunenetan, eskuko telefonoan eta tabletan, Google Play eta iOS gailuetako aplikazioen atalean primeran hitza bilatuta, Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan. Laster gehituko zaio zerrendari Android TV ere. Zerbitzua doakoa da, baina erabiltzaileek erregistratu egin beharko dute edukiak ikusteko.
Euskal leiho digitalean eskainiko diren ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude, eta katalogoan 3.000 atal baino gehiago daude ikusgai. Besteak beste, euskal ekoizpeneko eta nazioarteko telesailak, zinema, askotariko dokumentalak, kirolak, sukaldaritzarekin lotutako lanak, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dira, baita plataformarentzat propio sortutako eduki esklusiboak ere.
Horiek guztiak nonahi eta noiznahi euskaraz gozatzeko prestatu dute plataforma berria. ZerNonIkusi eduki eranskailuarekin lankidetzan, gainera, nabigatu eta eskuragarri dagoen katalogo osoa ezagutu ahal izango da, norberak gehien gustuko duena aukeratzeko.
Sustatzaileek azpimarratu dute euskal eta euskarazko ekoizpenera irekia dagoela plataforma. “Horregatik, euskal sorkuntzari eta kulturgintzari lotutako edukiengan interesa duten eragile guztien parte hartzea ere bilatzen dugu. Euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da Primeran eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango dira katalogoan. Etorkizunean zuzenekoak ere aurreikusten dira”.