Euskal Jaiaren egitarauaren barruan egingo den marmitako lehiaketa 10:00etan hasiko da. Antolakuntzak jakitera eman duenez, ordu horretan mahaiak jarriko dituzte estalitako pasealekuan, eta horiek ipini ondoren, lehiaketan parte hartzeko izena emanda dauden taldeak marmitakoa prestatzen hasi ahalko dira. Gogorarazi dutenez, osagaiak eta marmitakoa prestatzeko tresnak parte hartzaileen kontura izango dira. Hortaz, talde bakoitzak nork bere sua, kazola, hegaluzea eta patatak eraman beharko ditu.
Parte hartzaileek marmitakoa prestatzeko izango duten denbora ere zehaztu du antolakuntzak. Iragarri dutenez, parte hartzaileek, gehienez ere, lau ordu eta erdiko tartea izango dute guztia prestatu eta aurkezteko. “14:30ean, marmitako plater bat aurkeztu beharko da, estalitako pasealekuan”.
Sari banaketa. Irabazleek, ohi modura, txapela jasoko dute. Aldats pilotalekuan egingo den bazkari herrikoiaren bazkalostean iragarriko dute talde irabazlea. Horrez gain, lehiaketan parte hartzen duten talde guztiek izango dute saria. Talde bakoitzeko bost kidek herri bazkarian sagardoa doan izango dute.
Lehiaketari buruzko zalantzak argitu edo informazio gehiagorako 943 19 24 52 telefono zenbakira deitu daiteke.