Azken urteotan bezalaxe, aurten ere formatu mistoan egingo da Euskal Jaiko herri bazkaria Aldats pilotalekuan. Batetik, paella platerak eskainiko dira (8 euroan) euskara elkartearen eskutik, eta, bestetik, norberak bere janaria eramateko aukera ere izango du, betiko legez.
Antolatzaileek azaldu dutenez, paella janerako 300 txartel jarri dituzte aurten salgai (iaz 200 txartel izan ziren) eta pare bat egunetan agortu dira guztiak; Zuhatza elkarteko lagunek pilotalekuan bertan prestatuko dituzte oraingoan ere paella erraldoiak (oilaskoarekin eta untxiarekin batzuentzat, eta barazkiekin besteentzat) eta ogiarekin zerbitzatuko dira platerak.
Nolanahi ere, gogorarazi dute 600 lagunentzako tokia izango dela herri bazkarian eta, hortaz, norberak bere janaria eramateko aukera ere edukiko du. Hori bai, frontoian bazkaldu nahi duten guztiek egunean bertan erreserbatu beharko dute lekua, 09:30etik aurrera. Zehaztu dutenez, kuadrilla bakoitzetik prestaketa lanetan laguntzeko bina lagun etortzea eskatzen da.
Aurten ere txosna ipiniko dute euskara elkartekoek eta edaria bertan kontsumitzea eskatu dute.
Laguntzaile bila
Euskal Jaiko egitarauari bere ekarpena egin nahian, aurten ere Zuhatzak hartu du bere gain bazkari herrikoia antolatzeko ardura. Baina antolaketa lanetan jarduteko laguntzaileak behar dituztela gogorarazi dute elkarteko kideek, boluntarioen lana “ezinbestekoa” izango dela nabarmenduta.
Txanda ezberdinetan banatu dituzte zereginak eta dagoeneko hainbat lagunek eman dute izena laguntzaile gisa aritzeko. Oraindik ere osatzeke daude, baina, zenbait txanda:
- 12:30-14:30. Zuhatzaren zozketako txartelak plazan saltzeko lau pertsona.
- 15:30-16:30. Txosnan egoteko bi pertsona.
- 17:30. Txosnan egoteko hiru pertsona, itxi arte.
- 18:30. Txosna desmuntatzeko lau pertsona.