Helduentzako margolaritza ikastaroa antolatu du Haitz-Haundi elkarte artistikoak

Berriketan 2023ko ira. 28a, 10:00

Uda amaitzearekin batera heldu da 2023/24 ikasturte berria eta, baita ikastaro edota tailer ezberdinetan izena emateko garaia ere. Haitz-Haundi elkarte artistikoak, esaterako, aurtengoan ere helduentzako margolaritza ikastaroaren deialdia egin du.

Ohartarazi dutenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute Kultur Elkarteko azken solairuan eskainiko den ikastaroan.

Ikastaroa urriaren 3an hasiko da eta maiatzaren 30ean amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Astero bi orduko bina saio egingo dituzte eta, iragarri dutenez, astearte eta ostegunetan emango dituzte eskolak, 19:00etatik 21:00etara.

Matrikulatzeko interesa dutenek ikasturtea hasten den egunean bertan izena ahalko dute. Hortaz, urriaren 3an Kultur Elkarteko azken solairura bertaratzen direnek izena eman eta ikastaroaz gozatzeko aukera izango dute. Matrikularen prezioa 200 eurokoa, baina Haitz-Haundiko bazkideek eskaintza berezia baliatu ahal izango dute, 170 euroren truke.