Abiatzear da Debako Nesken Binakako XI. Pala Txapelketa-VIII. Maite Etxeberria oroimenezkoa, eta antolatzaileek esan dutenez, 22 bikotek izena eman dute. Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek zehaztu dutenez, hamahiru bikote ariko dira lehen mailan eta beste bederatzi, bigarrengoan. Aurtengo parte hartzearekin “gustura” agertu dira antolatzaileak. “Besteak beste, Deba, Mutriku, Elgoibar, Zumaia, Zarautz, Azkoitia, Zizurkil eta Andoaingo 44 neskek izena eman dute”.
Egutegia ere zehaztuta daukate antolatzaileek. Igandean (urriak 8) emango diote hasiera txapelketari, eta dena ondo bidean badoa, abenduaren 16an jokatuko dituzte lehen eta bigarren mailako finalak. Ostegun arratsaldeetan eta igande goizetan izango dituzte partidak, eta lehen fasea ligaxka eran jokatuko dela aurreratu dute. Lehenengo mailan ariko diren hamahiru bikoteak hiru multzotan banatuta lehiatuko dira eta bigarren mailan ibiliko diren bederatzi bikoteak, aldiz, bi taldetan banatu dituzte. Gaineratu dutenez, lehen fase horren ostean etorriko dira finalerdiak eta finala.
Pilotazaleek lehen hitzordua igandean (urriak 8) izango dute Aldats pilotalekuan, 10:30tik aurrera. Denetara, hiru neurketa jokatuko dituzte. Sonia Tomas eta Miren Artetxe debarren eta Eva Ibarrola eta Idoia Arrillaga mutrikuarren artekoa izango da lehenengo partida. Ondoren, Edurne Osa zizurkildarrak eta Amaia Gonzalez andoaindarrak osatutako bikotearen eta Arrate de Marcos eta Nahia Gomez debarrek osatutako bikotearen aurkako norgehiagoka ikusteko aukera egongo da. Azkenik, Elena Agirre eta Maider Blasco debarrek osatutako bikoteak Irati Ciaran debarrak eta Leire Elezgarai mutrikuarrak osatutako bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak.
Bazkidetza kanpaina martxan jarri berri dutela ere gogorarazi dute elkarteko kideek. 10 euroren truke, urte osoko harpidetza egiteko aukera dagoela esan dute. Bazkide egiteko interesa dutenek igande goizetan Aldats pilotalekuan bertan izango dute horretarako aukera. Gomazko pilotarekin palan ikasteko aukera ere zabaldu dute. “Norbaitek gomazko pilota probatu nahiko balu, ostegun arratsaldetan, 18:30etik aurrera, egiten ditugu entrenamenduak. Beraz, gure artera gerturatzeko gonbidapena egiten dizuegu. Jolastera, animatzera, giroan sartzera eta elkarrekin sareak jostera!”.