Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Deban ere Marokoko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko material bilketa solidarioa egin dute. Pakea-Deba elkarteko kideek sustatu dute kanpaina eta, nabarmendu dutenez, “oso arrakastatsua” izan da. Emandako datuen arabera, materialez betetako bi auto eta furgoneta handi bat bidali dituzte Debatik. Gainera, bidaia aprobetxatuz, Errenterian erdi hutsik geratu zen beste furgoneta bat ere bete dute.
Bilketa koordinatzeaz arduratu direnak oso esker oneko azaldu dira. “Ez dago hitz nahikorik hau guztia deskribatzeko. Harrituta geratu gara jendearen erantzunarekin, eta erakutsi duten jarrera txapela kentzeko modukoa izan da. Zuen alea jarri eta lagundu duzuen guztioi, eskerrik asko, bene-benetan”, adierazi du Mohamed Akouas elkarteko kideak.
Boluntario bezala materiala biltzen laguntzen aritu direnen edo gauzak dohaintzan eman dituztenen eskuzabaltasuna eskertu dute. “Amaia Zalduegi farmaziak, Amaikak Batek, Lamariano eta Masillo dendek, parrokiako Kooperazio Taldeak eta Caritas, Mugarik Gabe eta Chernobil elkarteek emandako laguntza eskertu nahiko genuke bereziki”.
Tardunat aldera
Materiala Zumarragako bilketa puntura bideratu dute lehendabizi eta, materiala handik Marokora helaraziko duen garraioa ziurtatu ondoren, Tardunat inguruan sakabanatuta dauden herrixkarik kaltetuenetan banatzea da Pakea-Deba elkarteko kideen helburua. “Zorionez, gu bizi ginen eremuan ez da kalterik egon, baina lurrikarak sekulako txikizioa eragin du hegoalderago. Tardunat inguruan mendi artean dauden herrixka askotara ezin izan dute laguntzarik bidali, eta herritar horiei guztiei laguntza helaraztea da gure nahia”.
Guztia bideratzeko, baina, garraioa aurkitzea eta materiala behin Marokora iristean hura banatzeaz arduratuko den laguntza koordinatzea ezinbestekoa izan dela azpimarratu du Akouasek. “Kamioi gidari batekin jarri ginen harremanetan, eta hark Algecirasera eta handik itsasontzian Tangerrera eramango du materiala. Deban bizi den gure lagun bat, gainera, Marokon oporretan zela ezustean harrapatu zuen ezbeharrak eta, materiala behin Marokora iristean, hura arduratuko da guztia koordinatzeaz eta materiala Tangerretik herrixka kaltetuenetara helarazteaz”.