ELKARRIZKETA

Aitor Oñederra: “Urte osoan beste hainbat lekutan egotea da gure asmoa”

Berriketan 2023ko urr. 11a, 09:50

Animadebaren sortzailearekin eta zuzendariarekin elkartu da Berriketan. Aurtengo jaialdiaren errepasoa egin, antolakuntzan izandako zailtasunen berri eman eta aurrera begirako asmoez aritu da zinemagile debarra.

Nola baloratzen duzue jaialdiak Debatik kanpo izan duen oihartzuna?
Helburuak, egia esan, betetzen ari dira. Debatik kanpo egiten diren Animadebaren ekitaldi guztiei, esaterako, Animadeba Off izena eman diegu. Donostiako San Telmo Museoan egin ditugu ekitaldi horiek eta museoak berak duen proiekzioak oihartzun handiagoa eman digula uste dut; ez hori bakarrik, festibalari prestigioa ematen dio museoak berak duen ibilbideak ere. Alde horretatik, oso eskertuta gaude Donostia Kultura eta museoaren lantalde osoarekin. Aurrera begira, gainera, urte osoan beste hainbat lekutan egotea da gure asmoa. Horren adibide da, adibidez, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan urrian egingo dugun jardunaldia.

Dozenaka ekintza antolatu dituzue aurten ere. Nolakoa izan da publikoaren erantzuna?
Jende andana ibili da antolatutako ekitaldietan eta, esku artean kopuru zehatzik ez dudan arren, Internet bidezko salmentan beherakada egon dela nabaritu da. Hala ere, inoiz baino bonu edo eskumuturreko gehiago saldu dira programazio osoaz gozatu nahi izan dutenentzako, eta Kutxa Zuriko zuzeneko salmentak ere ondo funtzionatu duela esan genezake.

Hainbat eguneko egitaraua antolatzeak lan mardula eskatzen du. Zer moduz moldatu zarete?
Lan handia dago atzean. Aurten, gainera, langile bat gutxiago izan dugu, eta sei atalez osatutako festibal bat antolatzeko orduan asko nabaritu da. Egia esan, halako dimentsioko festibal bat antolatzeko langile gehiago behar dira, baina dugun aurrekontuak ez du gehiagorako ematen.

Aurrerantzean, Nazioarteko Animazio Zinemaldi izatetik Nazioarteko Animazio Festibala izatera pasako da Animadeba

Aurten, berrikuntza bezala, Animadeba LAB izeneko tartea ere izan duzue. Zer nolako harrera izan du?
Work in Progress atalean, animazio proiektuen aurkezpenen gorakada izan dugu, eta hori benetan ospatzekoa da. Aurten pisu handiagoa eman nahi izan diegu bideojokoei eta teknologia berriei. Berritasun garrantzitsu bezala, bideojokoen atala estreinatu dugu Kasu-azterketa sailaren barruan, eta formatu horrekin ate berri bat ireki da Animadebarentzat. Gainera, festibalean beti izan diren tailer eta konferentziak hemendik aurrera Animadeba Lab atalean biltzea pentsatu dugu, atal hori nolabait osoagoa izan dadin. Teknologia berrien erabilera animazioan nola aplikatu ikertzeko gune moduko bat izango du atalak. Aurten, esate baterako, adimen artifiziala hartu dugu ardatz, eta oso ondo funtzionatu du.

Beldurrezko generoari keinu egiten dioten filmen proiekzioa ere aipatu liteke bestelako berrikuntzen artean. Nolako esperientzia izan da?
Oso gustuko dut genero hori, asko gozatzen dut. Alde horretatik, aurtengo festibala oso bitxia izan da; nazioarteko film laburren lehiaketan, Sail Nagusian eta Zuzendari Berriak sailean beldurrezko edo suspense generoko film dezente izan dira, aurtengo Amok film irabazlea barne. Beldurrezko saio berezi bat egiteko ideia hortik atera zen, eta ikusle asko erakarri zituen.

Etorkizunera begira zer asmo duzue? Aurrerantzean aldaketarik izango al da?
Aldaketak beti egongo dira Animadeban. Are gehiago, beharrezkoa ikusten dut festibalak urtez urte etengabeko bilakaera izatea, betiere animazio independentea ardatz hartuta eta industriari lekua utzita. Eta jaialdian bideojokoak eta animazio teknologia berriak txertatuz, gainera, aurrerantzean, Nazioarteko Animazio Zinemaldi izatetik Nazioarteko Animazio Festibala izatera pasako da Animadeba.