ERREPORTAJEA

287 ale, ehunka bidaiari eta beste hainbeste kontakizun mende laurdeneko bidean

Berriketan 2023ko urr. 11a, 10:31

Zuhatzak iaz osatu zuen 25 urteko ibilbidea eta Berriketan aldizkariak aurten egin du mende laurdena. Ez da ariketa erraza urteotako errepaso historikoa egitea, baina urtemugak atzera begira jartzeko aitzakia izan ohi dira sarritan. Erreportaje berezia dakar iraileko hilabetekariak.

Euskara sustatzeko bitarteko gisa jaio zen Berriketan, herriko kontuen eta bizitzaren lekuko izateko asmotan, eta aldaketak izan dira herri komunikabidean, baina ez haren oinarri eta helburuetan. Hastapenetan eta bidean lagun izandako zenbait kideren hitzak jaso ditugu ondoko lerroetan. Guztiei ahotsa ematea ezinezkoa izanda, gutxi batzuen adierazpenekin osatu dugu erreportajea.

Debako Kultur Elkartearen bueltan hasi zen orain 25 urte pasatxo Berriketan-en bidaia, “euskara sustatzeko bitarteko gisa”. “Amaia Zinkunegi kazetaritza edo euskal filologia ikasi genuenokin edo euskaraz idazteko zaletasuna genuenokin jarri zen harremanetan eta, bailaran beste herri batzuetan egin zuten moduan, aldizkaria sortzeko proposamena ekarri zigun. Laster ikusi genuen lehendabizi euskara elkartea sortzea zela biderik logikoena euskara eta euskal kulturaren inguruko komunitate bat sortzeko”, laburbildu du Nagore Dorronsorok, atzera begira jarri eta aldizkariaren hastapenei buruz hitz egitean.

Bada, testuinguru horretan jaio zen lehenik Zuhatza Euskara Elkartea, 1997an, eta gerora Berriketan bera, urtebetera.

Hasiera-hasieratik batu zen Lukax Dorronsoro ere proiektura: “Aldizkariaren lehenengo alearen aurretik jarri zen nirekin harremanetan martxan zebilen taldetxoa, zuzentzaile bat behar zutela eta; automatikoki egin ninduten taldeko partaide, kar-kar-kar. Ordurako euskara bultzatzeko hainbat ekintzatan nenbilen, antzerkian, irakaskuntzako euskarazko materiala prestatzeko Steilas taldean, eta abar”.

Dorronsoro aita-alabekin batera, beste hainbat herritar ere hasi ziren lanean aldizkaria aurrera ateratzeko asmotan. “Hasieran lagun dezente bildu ginen, baina bizitzako norbere gorabeherak direla eta, talde oso txiki baina egonkor batek jarraitu genuen gero. Lehenengo bileretan zortzi bat izango ginen, sei bat gero, eta boluntario-aldiko azken urteetan lau lagun geratu ginen. Talde giroa oso ona eta gertukoa zen, kuadrillatxo berezi bat egin genuen”.

Tartean zen, adibidez, Xabier Laka. Ez ditu oso argi oroitzen hasierako lehen urrats haiek, baina jakin badaki “euskara eta herrigintza uztartzen zituen deialdia izanik, aurrez harreman zuzenik izan gabeko lagun batzuekin topo egiteak ikasketa pertsonalerako ere” balio izan ziola. “Elkar ezagutzen joan ginen hilabetero egiten genituen bileretan, eta lanak banatzerakoan idaztea tokatu zitzaidan. Epeak errespetatu beharra, jasotzeko dataren hurbiltasuna (Lukaxek zuzenketak egiteko denbora izan zezan), argazkiak atera beharra… oraindik garai analogikoak ziren haiek!… Eskolara joatea bezala izan zen niretzat”, gaineratu du.

“Aurrez harreman zuzenik izan gabeko lagun batzuekin topo egiteak ikasketa pertsonalerako ere balio izan zidan”

“Denok bildu, intereseko gaiak erabaki, eta gero ardurak banatu”. Hori izaten zen (eta oraindik ere bada) erredakzio taldeak lanari ekiteko lehen pausoa eta luzea zen zereginen zerrenda: elkarrizketak eta kale inkestak egin, argazkiak atera eta errebelatzera eraman, testuak zuzendu, maketatu, edizioa Kaioara eramateko prestatu… Gogoa, elkarlana eta borondatezko lana ziren, besteak beste, proiektuaren funtsezko zutabe.

Lehen zenbakia

“Zer den nork daki? Tipitaki-tapataki, nik bai, badakit”. Titular hori zeraman 1998ko abuztuan kaleratu zen Berriketan-en lehen alearen azalak. Zortzi orrialdeko agerkari haren kontrazalean, berriz, herritar ugariren izen-abizenak jasotzen zituen lantaldearen aipamenak: Aiora Aizpurua, Mikel Aizpurua, Eli Alba, Nerea Aranberri, Nere Arostegi, Joseba Escudero, Nagore eta Lukax Dorronsoro, Edurne Iriondo, Mari Seara, Amaia Zinkunegi, Itziar Arregi, Amaia Etxabe, Igor Prieto, Oargi Argazki Taldea, Edurne Iriondo, Iñaki Elosua…

Aro ezberdinak

Hogeita bost urte joan dira ordutik, eta 200dik gora ale argitaratu ditu aldizkariak mende laurden honetan (2023ko irailekoa 287. zenbakia izan da). Aro ezberdinak izan ditu ibilbidean. “Bi etapa bereiziko genituzke hasierako aldian: maketatzailea genuenekoa, Edurne Iriondok betetzen zuen lan hori; eta ostekoa, gure etxean biltzen ziren lan guztiak Kaioara maketatzera bidaltzeko gero —aipatu dute Dorronsorotarrek—. Egia esan, kolpe gogorra izan zen Edurnek taldea laga behar izana. Gero etorri zen profesionalizatzea, ezinbesteko ikusi genuena, aurrera jarraitzekotan”.

2009an etorri zen, hain justu, langile boluntarioak eta profesionalak batuko zituen “eredu misto” bat ezartzearen aldeko apustu hori. Bi urtez hausnarketa egin ondoren, eta Euskaltzaleen Topagunearen aholkuz, eraldaketaren eta berrikuntzaren aldeko hautua egin zuen Zuhatzak urte hartan eta proiektuak koordinatzeko bi pertsona hasi ziren lanean soldatapean.

Erabaki haren ondoren, askotariko aldaketak izan ziren Berriketan-en hurrengo urteetan: diseinu eta eredu berria maketazioan, kolorea, ale eta orrialde kopurua handitzea, banaketa sistema berraztertzea…

2016an, berriz, gogoeta prozesua egin zuen Zuhatzak, euskararen egoeraz eta etorkizunaz hausnarketa kolektiboa egiteko helburuz. Eta, ondorioz, aldaketa estrategikoak izan ziren berriz ere hedabidean: lantalde berriak sortu, proiektuan jende berria inplikatu…

Egokitu, aurrera egiteko

“Nahitaez, garai berrietara eta unean uneko errealitatera egokitzen asmatu behar izan du aldizkariak. Lorpen txikiak eta handiak izan ditugu, baina zailtasunak ere ugari”, laburbildu du 2009az geroztik aldizkariko koordinazio lanetan diharduen Izaro Aulestiartek.

“Bai, honaino iristeko, garaietara egokitzen asmatu duela esango nuke —gaineratu du Nagorek—, baita gure artean eta herritarrekin lagunarteko komunitatea sortzen ere. Borondatez eta onena ematen saiatuz, baina mila muga eta ezintasun izan ditugu bidelagun; hasieran emaitza apala lortuz, orain ederra, gure ustez”.

“Ezin dugu ahaztu hedabidea itzalean aritzen diren beste hainbat herritarren lanari eta babesari esker plazaratzen dela”

Lakaren iritziz, “25 urteotan denok bilakatu gara Berriketan-en jarraitzaile eta lagun, ohiko bihurtu zaigu etxeko buzoian jasotzea, baina ahaztu egin zaigu, niri ere bai, zein nekeza izaten den batzuetan aldizkari bat aurrera ateratzea, eguneratzea eta gaur egungo informazio-uholde honetan toki propio bat mantentzea“.

Zailtasunak zailtasun, baina pausoz pauso, 25 urte bete berri ditu Berriketan-ek eta prest dago bidea egiten jarraitzeko. Iaz atari digitala estreinatu zuen (Berriketan.eus), eta aurten diseinu eta formatu berriz jantzi da paperezko hilabetekaria. Era berean, eskualdeko tokiko hedabideekin ere elkarlanean dihardu DKT taldean.

“Erredakzioan hiru lagun gabiltza orain, baina ezin dugu ahaztu hedabidea itzalean aritzen diren beste hainbat herritarren lanari eta babesari esker plazaratzen dela”, dio Aulestiartek. “Urtemugan pozik egoteko arrazoiak ditugu, bai, pozik eta oso eskertuta ere bai, noski”.