Hogeita bost urte, bost begirada

Berriketan 2023ko urr. 11a, 11:39

Berriketan-en 25. urtemugaren bueltan, aldizkariaren hastapenetan eta bidean lagun izandako bost kideren hitzak jaso ditu iraileko hilabetekariak. Hona hemen “Zer da Berriketan zuretzat?” galderari emandako erantzunak.

NERE AROSTEGI (erredakzio taldeko kide ohia)

“Hainbeste urtetan, hilero-hilero ale berri bat atera da eta hori herria bizirik dagoen seinale da”

Gogoan daukat Amaia Zinkunegik proiektu berri hartan parte hartzeko gonbidapena egin eta lehen aldiz Kultur Elkartean elkartu gineneko eguna. Urte haietan egindako taldeko lanaren oroitzapen polita daukat; gai ezberdinen inguruan elkarrizketak egin (Iñaki Iriondori, Martin Sukiari, musher lasterketetan aritzen zen emakume bati), Amaikak Bat-en neskak parte hartzen hasi zirenekoa, kaleko inkestak… grabagailua hartuta (kasetea, pilak…), gero testua disketera pasata… nola aldatu diren teknologiak harrezkero!

Hainbeste urtetan, hilerohilero ale berri bat atera da eta hori herria bizirik dagoen seinale da, talde lanean, elkarri erreleboa emanez, herritar askok lan egin izanaren erakusle! Zorionak denoi eta jarrai dezala erreleboak beste horrenbestean!

MIKEL AIZPURUA (erredakzio taldeko kide ohia)

 

“Ni zorioneko egin ninduen aldizkariak hasiera hartan elkarrizketak egitea eskatu zidanean”

Deba ez da plazak, kaleak, etxeak, eliza, hondartza, erreka eta alameda. Deba hutsa ez da Deba. Hori erakutsi dit Berriketan-ek; Deba debarrak dira.

Gu bezala, joan zen mendean sortu zen Berriketan eta hedabidearentzat izen egokia iruditzen zait, pertsonen arteko harreman lasaia, gustukoa eta sarria baita berriketa. Halaxe ezagutzen dira pertsonak eta halaxe ezagutarazten digu aldizkariak Deba, debarrak, alegia.

Ni zorioneko egin ninduen aldizkariak hasiera hartan elkarrizketak egitea eskatu zidanean. Herrian ikusi bai baina ezagutzen ez nituen pertsonak sakon ezagutzeko aukera eman zidan.

Geroztik, Berriketan aldizkariari esker, Deba, debarrak alegia, gehiago ezagutzen dut, gero eta gehiago diren irakurleek bezala.

ARANTZA IRIONDO (komunikazio taldeko kidea)

 

“Aukera ezin hobea eskaintzen digu herritarren eta herriaren berri izateko. Gainera, denontzako lekua dago”

Hasiera batean bazkide kuota ordaindu, aldizkaria jaso eta bestelako harreman zuzenik ez nuen Berriketan-ekin. Baina 2016an Zuhatzak, Debako euskararen egoeraz eta etorkizunaz hausnarketa kolektiboa egiteko, gogoeta prozesua jarri zuen martxan eta bertan hainbat herritar elkartu ginen, gazteak, helduak, nagusiak. Hortik sortutako komunikazio taldeko kidea naiz harrezkero. Horrek aukera eman dit aldizkaria barrutik pixka bat ezagutzeko eta herritar gehiagorekin harremanetan egoteko.

Gazteak herriko berriak euskaraz irakurtzeak ez ditu harritzen, baina “nagusiak” garenontzat lorpen handia da; eta hilabetekariak aukera ezin hobea eskaintzen digu herritarren eta herriaren berri izateko. Gainera denontzako lekua dago, baita adinean aurrera idaztera animatu garenontzat ere.

LANDER ARANBERRI (zutabegilea)

 

“Informazio-iturri izateaz gain, tribuna, eztabaida leku eta idazle zein kazetaritza eskola ere izan dugu”

Txikitatik jaso dugu etxean Berriketan aldizkaria. Hala, gurean, egongelako oinarrizko elementu bat gehiago izan da, telebista edo egunkariaren pare. “Beti” hor aurkitu izanak ez dirudi oso epikoa, eta, noiz edo noiz, ia denok gutxietsi dugu. Nik ere bai.

Komunikabide handien eta sare sozialen jabeak esku bakarrarekin zenbatu daitezkeen garaiotan, Deba herri aldizkari bat argitaratzeko gai da; eta horren balioa zenbatezina da. Berriketan informazio-iturri izateaz gain, tribuna, eztabaida leku eta idazle zein kazetaritza eskola ere izan dugu. Bere xumean, herritarren laguntzarekin, izan bazkide zein babesle, langile edo kolaboratzaile, hemen dirau proiektuak.

Oso epikoa izan da Berriketan hilabetekaria 25 urtera iritsi izana. 50 urtera iristea epopeia izango da?

ltziar Aranberri (banaketa taldeko kidea)

 

“Duela 25 urte pentsaezina zen Deban herriko berriak eta iritzi artikuluak euskaraz irakurtzeko aukera izatea”

Hilero sartzen da mezua taldearen whatsappera: Bihar iritsiko da aldizkaria, ondo datorkizue? Eta berehala erantzunak: Bai… ni ere hor izango naiz… bai… Jone, Maite, Jose Luis… denak aleetan pegatinak itsasteko prest. Lagun arteko lan polita da gurea. Aldamenean ditugu Zuhatzako lankideak jo eta su ordenagailuko teklak astintzen hurrengo alea prestatzen eta ezer esan gabe, baina gure komentarioei adi: azala deigarria ikusten da, hilabete honetakoak potoloagoa dirudi…

Duela 25 urte pentsaezina zen Deban herriko berriak eta herritarren iritzi artikuluak euskaraz irakurtzeko aukera izatea, baina askoren lanari esker, ametsa egi bihurtu da eta urte luzez horrela jarraitzea espero dugu. Banaketa taldeko kideok, gure txikitasunean, horren parte izaten jarraituko dugu.