“Erronka berri bat dugu: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu. Horretarako, milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz”. Horra hor Gaitu kanpainaren aurkezpenean antolatzaileek egindako laburpena.
Gaitu.eus webgunea sortu dute horretarako, eta “gure hizkuntzaren eta kulturaren garapenari” ekarpena egiteko deia egin diete herritarrei, “Batu ditzagun gure ahotsak” goiburupean. “Ahots asko eta askotarikoak behar ditugu: adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Eta zurea ere bai. Guztion artean sortzen ari garen ahotsen datu-basea enpresa guztiek erabili ahal izango dute gero euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko, euskaldun guztion onurarako“.
Ahotsak biltzeko Common Voice izeneko plataforma irekia erabiltzen ari dira, eta webgunean sartzen direnei bi lan proposatzen dizkiete: batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzea, grabatzea, eta, bestetik, beste hiztun batzuek grabatutako esaldiak balioztatzea. Bata zein bestea nahi beste aldiz egin daiteke. Abenduaren 3ra bitartean egitea da asmoa, eta Euskararen Egunarekin batera biribiltzea.
Ekimenarekin bat egin duten eragileen artean dago UEMA ere. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren udalei zein herritarrei proiektuarekin bat egiteko, parte hartzeko eta ahal duten heinean zabalkundean laguntzeko deia egiten die.