Ikasgela berria zabaldu dute Astillero kalean

Berriketan 2023ko urr. 18a, 11:51

Udalerriko ikasleei ikaskuntza-ingurune berri bat eskaintzeko helburuz, udalak ikasgela zabaldu berri du; hamasei lagunentzako lekua duen gunea 06:00etatik 00:00etara egoten da erabilgarri.

Debako alkate Alazne Txurrukak ikasgela publiko berria zabalik dagoela adierazi zuen atzo (urriak 17) prentsaurrekoan, Astillero kaleko 10. zenbakiko beheko solairuan kokatua dagoen lokalean bertan (lehen baserritarren azokako postuak egoten ziren leku berean). Anguleru kaletik du sarrera. 

“Ikasteko espazio lasaia eta egokia” dela azalduta, gune berria ikasle komunitatearentzat eta Debako herritarrentzat “balio esanguratsua” duen “urrats garrantzitsua” dela nabarmendu zuen alkateak. Herritarren eskaera eta beharrei erantzunez sortu dute, hain zuzen, ikasgela. “Gure gazteek ikasteko, ikertzeko eta beren gaitasun akademikoak hobetzeko leku lasaia eta egokia dutela ziurtatu nahi izan du udalak”.

Lau mahai jarri dituzte ikasgelan eta mahai bakoitzean lau erabiltzailerentzako lekua dago; guztira, hamasei espazio daude erabilgarri. Bestalde, komuna ere jarri dute eta wifi zerbitzua eskaintzen zaie bertan erabiltzaileei.

Ordutegiari dagokionean, Ostolaza Udal Liburutegiak eskaintzen duen funtzionamendu-ordutegitik kanpo erabili daiteke ikasgela, 06:00etatik 00:00etara egoten baita zabalik. “Ordutegi horretatik kanpo, atea irekitzeko sistema eta barruko argiztapena desaktibatu egiten dira”.

Sarbidea

Gune berria erabili ahal izateko baldintzen berri ere eman zuten agerraldian. “Deban erroldatuta egotea, gutxienez 17 urte izatea, ikasgela erabiltzeko eskaera aurkeztea eta ikasgelaren erabilera-arauak onartzea eta errespetatuko direla jasotzen duen ardurapeko adierazpena sinatzea. Eskaera Ostolaza Udal Liburutegian aurkeztu beharko da”. Eskaera bete ondoren, isilpeko kode bana esleituko zaie herritarrei, eta kode horri esker zabaldu ahal izango dute ikasgelako atea. Kodea erabiliz, erabiltzailea espazioko arduradun bihurtzen da zuzenean.

Jakinarazi zutenez, hasiak dira dagoeneko lehen eskaerak jasotzen, gune berria zabaldu orduko ikasgela erabiltzeko bost eskaera izan baitzituzten. Informazio gehiago jaso edo gunea erabiltzeko eskaera egin nahi dutenek udal liburutegira jo beharko dute zuzenean.

Jon Riaño zinegotzia eta Alazne Txurruka alkatea, prentsaurrekoan.