Nerea Loiola idazleak jaso du lehenengo Raul Guerra Garrido literatura beka. Urriaren 16an jakinarazi zuten erabakia, prentsaurrekoan. Bertan azaldutakoaren arabera, 25.000 eurokoa da bekaren aurrekontua eta debarrak Ardi galduak proiektua garatzeko baliatuko du. 2024a amaitu aurretik argitaratu beharko du euskarazko ipuin bilduma.
Loiolak nabarmendu du lortu berri duen beka honek urtebeterako soldata “duina” bermatuko diola eta urtebetez sorkuntza proiektu bati benetako lehentasuna emateko aukera izango duela. “Oso pozik nago aukera hau niri eman didatelako, baina halako gehiago behar dira: hor kanpoan kultura sortu nahian dabilen euskaldun mordoxka bat dago, baliabide faltagatik euren proiektua garatu ezinik dabilen artista asko, eta baldintza prekarioetan orekak egiten dabilen beste asko. Eta ez da posible. Euskarazko kultur sorkuntza beharrezkoa da eta instituzioen babesa ezinbestekoa”.
Literatur uzta oparoa
1985ean Deban jaioa, Zarautzen bizi da gaur egun Loiola. Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da eta matematikako irakaslea izan zen. 2022az geroztik, ordea, literatura du ogibide. Duela bi urte Epizentroa argitaratu zuen eta liburuak hainbat aintzatespen lortu ditu; Euskadi Literatura Saria jasotzeko hautagaien artean egon zen, adibidez.
Helduentzako ez ezik, haur eta nerabeentzako liburuak ere idatzi ditu: Harri bat poltsikoan, Azken lanhütarra, Naian, 7G udalekuak…