Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzaren inguruan sortutako dokumental labur bat proiektatuko dute bihar (urriak 25), 18:30ean, Kultur Elkartean. “Zer da Gau Beltza? Nondik dator? Non eta nola ospatzen da?” bezalako galderei erantzuten die ospakizunaren bueltan sortutako ikus-entzunezkoak.
Zuhatza Euskara Elkarteko kideek azaldu dutenez, Deban ere Gau Beltza lantzen hastea da urriaren 25eko deialdiaren helburua, datorren urtean jaia ospatu ahal izateko lanean hastea, alegia. “Aspaldian hemen bertan ospatzen zen jaia ezagutu, gure ohiturak berreskuratu eta gaurkotasunera ekartzea da gure proposamena, euskaratik eta euskaraz”. Eta guztia bideratu eta martxan jartzeko helburuarekin antolatu dute, hain justu, biharko lehen bilera irekia eta dokumentalaren emanaldia.
Egitasmoa “aberatsagoa” egite aldera, herriko eragile, talde, elkarte zein norbanako guztiak gonbidatu dituzte bilerara. “Herri bakoitzaren errealitatea ezberdina den heinean, beharrezkoa da Gau Beltza ere herri bakoitzeko errealitatera egokitzea, eta antolatze eta egokitze prozesu horretan zure beharra daukagu. Ospakizuna parte hartzailea izatea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta horretarako ezinbesteko ikusten dugu antolatzaileen izaera eta profila ere anitza izatea. Izan ere, zenbat eta talde anitzagoa izan, orduan eta egitasmo aberatsagoa izango dela uste baitugu. Animatu eta zatoz bilera irekira!”.