Europa Nostra 2023 Sariaren tokiko festa egingo dute bihar, Deba-Mutriku zubian

Berriketan 2023ko urr. 26a, 12:20

Eguerdian hasita, hainbat ekitaldi izango dira.

Irailean Europar Batasuneko kultura-ondarearen arloko sari ospetsuenetan aintzatespena jaso ondoren, Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezko zubia birgaitzeko proiektuak Venezian (Italia) jasotako saria herritarrekin ospatzeko festa egitea erabaki dute; bihar (urriak 27) izango da ospakizuna, eta hainbat ekintza izango direla iragarri dute. Mutrikuko Arku Gain elkartean egingo den bazkari batekin emango diete hasiera ospakizunei. Herri bateko zein besteko kideek parte hartuko dute bertan.

Arratsaldean, berriz, zubian bertan jarraituko dute ospakizunek. 18:30ean, esaterako, Venezian jasotako plaka oroigarriaren aurkezpen ekitaldia egingo dute. Besteren artean, honako erakundeetako ordezkariek eta proiektuan parte hartu duten enpresek parte hartuko dute ekitaldian: Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Alazne Txurruka Debako alkatea, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, Araceli Pereda Hispani Nostrako presidentea, Javier Leon (Fhecor) eta IƱaki Jaime (Injelan) birgaitze proiektuaren talde arduraduneko kideak.

Plaka desestali ondoren, Soka Dantza egingo dute Mutrikuko Gure Ametsa eta Debako Gure Kai dantza taldeetako kideek. Guztia biribiltzeko, musika elektronikoa eta abangoardiakoa eta ondarea uztartzen dituen Dan-tz point ikuskizuna eskainiko dute zubian bertan. Aurreratu dutenez, DJ Katza bilbotarrak gidatuko du saioa.

EGITARAUA

  • 14:30. Bazkaria, Mutrikuko Arku Gain elkartean.
  • 18:00. Plaka oroigarriaren aurkezpena.
  • 19:00-22:00. Dan-tz point, musika elektroniko kontzertua, doan.