Hilaren 11n, larunbatean, Emakumea Surflari*. Aske surfeatu, aske sentitu, aske disfrutatu eta gustura jardun dokumentala proiektatuko dute Kultur Elkartean. 12:00etan hasiko da saioa, eta ondoren solasaldia egingo da proiektuan parte hartzen duten bost kiderekin, esperientziak eta bizipenak trukatzeko helburuz.
Debako Udalak azaldu duenez, ikus-entzunezkoak Emakumea* Surflari proiektuaren inspirazio-istorioa aurkezten du. “Izan ere, proiektu hau kirolean emakumeen diskriminazioari aurre egiteko helburuarekin sortu zen, eta egun emakumeen* elkarte bihurtu da. Bertan, hainbat emakumek* kirolean emandako ahalduntze feministaren inguruko prozesuak partekatzen dituzte, hala nola surf, bodyboard, SUP edo skate bezalako talde jardueretan”.
Dokumentalak publikoaren saria lortu zuen 2023ko Bilboko Surf Film Jaialdian, eta funtsean Emakumea* Surflari elkartearen proposamen feminista azaltzen du. “Saltsan emakume* gehiago egotea nahi dugu, itsasoan eta plaza publikoan sartuta, parte hartuz, erraztuz eta beste emakume* batzuen beharrei erantzunez”. Horrela, elkarteak adierazi duenez, “proiektu honek erakutsi nahi du gorputz praktika horien bidez, emakumeen* artean partekatzea, taldekatzea, gozatzea eta loturak sortzea funtsezkoa dela, hori dela hain zuzen aldaketan eragiteko gakoa”.
Goiz osoko egitaraua
Azaroaren 11n bertan, proiekzioaren aurretik, surf edo skate saioa egingo da hondartzan, betiere “horretarako baldintza egokiak ematen baldin badira”. 09:30etik 11:30era bitartean izango da jarduera, Emakumea* Surflari elkarteak iragarri duenez. Era berean, dokumentalaren emanaldia amaitzean, 13:30ak aldera, herrian poteoa egingo dute eta 14:45ean, aldiz, bazkaria izango da Itxasbegi elkartean (bi menu izango dira aukeran, 25 euroan).