Orain sei urte hasi zen Anartz Ugarte baxujolearen ibilbidea Nevadah taldean; Ekhi Arrieta (ahotsa), Liher Arteaga (gitarra), Jon Agirrebeitia (gitarra) eta Pello Baños (bateria) ditu taldekide. “Laguna dudan Jon Agirre taldeko abeslari ohiak 2017an egindako proposamena onartuta sartu nintzen; baxujolea atzerrira zihoan lanera bolada batez, eta haren ordez sartzeko aukera eman zidaten. Bost urte inguru neramatzan talde batean jo gabe eta animatu egin nintzen”. Gustura dago Durangaldeko taldean. “Oso esperientzia ona da satelite hauekin eszenatoki, entsegu gela edo taberna batean denbora partekatzea”.
Strikers, Secuestro Express, Debako Elektrotxaranga… Aldez aurretik Debako hainbat rock taldetan ibilitakoa zara, baina beti ikusi izan zaitugu gitarra jotzen. Zer nahiago duzu, gitarra edo baxua, gaur egun bezala?
Egia esan, baxua asko gustatu izan zait betidanik. Denborarekin, gainera, gustu handiagoa hartu diot instrumentu honi. Kontzertu bat ikusten nagoenean ere, adibidez, gitarristari baino askoz gehiago erreparatzen diot baxujoleari. Ez da gauza berria, betidanik pasatu izan zait hau.
Rock-and-rolla, bluesa, soinu garajeroak… Nola definituko zenuke Nevadah-ren musika estiloa?
Rock-and-rolla egiten dugu, baina ez zaigu gehiegi gustatzen egiten dugunari etiketak jartzea. Bakoitzak gustu musikal ezberdinak ditugu, eta talde batzuk beste batzuk baino gustukoago dauzkagu, baina orokorrean nahiko musika antzekoa entzuten dugula esango nuke. Abestiak konposatzeko orduan gutako bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio.
Taldekideen joan-etorriak, geldiuneak… fase ezberdinak ezagutu dituzu taldearen ibilbidean. Zer unetan edo nola dago orain Nevadah?
Azken bolada honetan kontzertu dezente eman ditugu. Dena den, laster geldiune bat egiteko ordua iritsiko da. Zerbait berria prestatzeko gogotsu gaude, oraindik ez dakigu noiz izango den, baina hori da gure asmoa.
“Gure jarrera eta egiten dugun musika zuzenean bizi edo entzutekoa da, are gehiago areto batean publikoarekin dagoen hurbiltasunarekin”
Nevadah-k hiru disko grabatu ditu eta horietako bitan parte hartzeko aukera ere izan duzu. Zer nolako esperientzia izan da?
Egia esan behar badut, oso esperientzia ona izan da. Disko bakoitza estudio ezberdin batean grabatu dugu. Bigarren diskoa —We’re coming to you (2018)—, Oiartzungo Mecca estudioan grabatu genuen eta Still goes on (2023), aldiz, Berrizko Lorentzo Records-en. Bi kasuetan, abestiak zuzenean grabatu ditugu, horrela egiteak beste esentzia bat duela iruditzen zaigulako. Gainera, guretzat askoz errazagoa eta politagoa da horrela grabatzea.
Orain arte ingelesez abestu izan duzuen arren, azken diskoan euskarazko bi abesti ere sartu dituzue.
Fonetikoki, ingelesa askoz gehiago gustatzen zaigu rock-and-rollean. Gainera, entzuten ditugun abesti gehienak ingelesez dira. Hala ere, euskaldunak garenez, keinu bat egin nahi genion gure hizkuntzari. Dena den, gure hurrengo abestiak zein hizkuntzatan konposatuko ditugun oraindik ez dakigu.
Diskoetan taldearen indarra nabaritu daitekeen arren, askoren esanetan, Nevadah-k asko irabazten du zuzenekoan…
Nevadah zuzeneko taldea da. Gure jarrera eta egiten dugun musika zuzenean bizi edo entzutekoa da, are gehiago areto batean publikoarekin dagoen hurbiltasunarekin.
Kontzertuz kontzertu, bertako rock-and-roll eszenan zuen lekua egin duzue. Osasuntsu al dago rocka XXI. mendeko Euskal Herrian?
Nahiko genukeena baino gutxiago, baina Euskal Herrian oso talde onak daudela esango nuke. Dena den, zoritxarrez, eszena honen barruan talde bakoitza bere aldetik doala onartu beharra dago. Beste musika estilo batzuekin alderatuta, punk-oi! mugimenduarekin, adibidez, rock-and-roll eszenan ia ez dago taldeen arteko elkartasunik, nahiz eta taldeen artean harreman ona izan. Bestalde, gure kontzertuetara etortzen diren ikusle gehienak 35 urtetik gorakoak dira eta gaur egungo gazteek beste musika mota batzuk entzuten dituzte.
Oholtza nazioarteko talde ezagun batzuekin partekatzeko aukera ere izan duzue edo izango duzue… (The Dictators-ekin irailean, The Sonics-ekin azaroan…)
Oholtza halako taldeekin partekatzea plazer handia da beti, baina guretzat talde gazteekin jotzea ere plazer bera da. Asko gustatzen zaigu talde berriak deskubritzea eta haiekin harremana izatea.
Zer asmo ditu taldeak etorkizunera begira?
Lehen esan dudan moduan, oraindik ez dugu datarik zehaztu, baina gure asmoa zerbait berria sortzea da. Nahiz eta musikaz ez garen bizi eta jada ez ditugun 20 urte, motibatuta gaude. Denbora aldetik, bakoitzak bere gauzak ditu, baina beti ateratzen dugu rock-and-rollari eskaintzeko tartetxo bat.