Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du. Urteko azken saioa ostiralean (azaroak 10) egingo dute, Luzaro ikastetxean; ohi bezala, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean. Hori bai, antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek 612 40 21 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali beharko dute txanda hartzeko. Horretarako azken eguna osteguna (otsailak 9) da. Zehaztu dutenez, 16:00etatik 20:00etara jasoko dituzte deiak eta mezuak.
Odol emaileen elkartetik azpimarratu dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute. Beraz, herritarrei “lasai hurbiltzeko” deia egin diete. Hona hemen odola emateko eskatzen diren zenbait baldintza:
- 18 eta 65 urte artean izatea.
- Ezinbestean 50 kilotik gora pisatzea.
- Emakumezkoek urtean gehienez ere hiru aldiz eman dezakete odola; gizonezkoek, berriz, gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez, bi hilabeteko tartea igarotzen laga beharra dago.
- Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen da. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
- Gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).
- Odola eman aurretik, segurtasunagatik, bai emailearentzat zein jasotzailearentzat, osasun elkarrizketa egiten da, eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da.
- Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero ere, ez bertaratzeko.