Lau bertsolari izango dira taula gainean, Manex Astigarraga gai-jartzaile debarraren gidaritzapean: Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Aitor Bizkarra eta Ane Zuazubiskar. Sarrerak zortzi euroan jarri zituzten salgai, baina guzti-guztiak (85 orotara) egun bakar batean agortu zirela jakinarazi dute antolatzaileek.
Kultur Elkarteak eta Debako Udalak elkarlanean antolatutako KulturEkin egitasmoaren baitan egingo da emanaldia. Ez da, ordea, aurten programatuko duten azken saioa izango. Izan ere, abenduaren 28an, 20:00etan, Mundos para lelos izenburuko umorezko ikuskizuna izango dela aurreratu baitute. Antzezlanak Oscar Terol komikoa du sortzaile eta protagonista. Bertan, bakarrizketan arituko da aktore donostiarra eta gitarra ere izango du lagun saioa musikatzeko.
Terolek gizarteak ulertzen ez duen mundu batean kokatuko du ikus-entzulea. Datozen asteotan zabalduko dute aurtengo azken emanaldirako sarreren inguruko informazioa.