Zahartze aktiboa, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, osasun, parte-hartze eta segurtasun aukerak optimizatzeko prozesua da, eta pertsonak zahartu ahala bizi kalitatea hobetu ahal izatea bilatzen du. Eta horren aldeko apustua egin du duela gutxi eratu den Arbil erretiratuen eta pentsiodunen elkarteko zuzendaritza batzordeak. “Erretiratuak bizitza oso aktiboa daramagun herritarrak gara. Horregatik guztiagatik, zahartze aktiboa sustatzeko beharra ikusi dugu”.
Zahartze aktiboa bultzatuz, gainera, erretiratuen eta pentsiodunen elkarte izatetik Adinekoen Gizarte Zentro izatera iristeko asmoa azaldu dute; espazio hori herriko adineko jende guztiarentzat zabalik egongo den “batasunerako leku erreferente” bihurtzea da erronka. “Adinekoon kolektiboa osatzen dugun ahalik eta pertsona gehienengana iristea da helburua, izan ere, Deban biztanleriaren %24 ordezkatzen dugu”.
“Jendearen kezka eta interesen araberako” ekintzak antolatzeko prest agertu da talde berria
Jauzi hori emateko, baina, beharrezkoa ikusi dute parte-hartzea eta sozializazioa helburu duten bestelako ekintza batzuk ere antolatzea; erabiltzaileen iradokizunetatik abiatuta, jardueren zerrenda luzea osatu dute. “Ohiko eskaintzaz gain, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, kirol jarduerak, bidaiak, mendi irteerak… antolatzeko asmoa daukagu”. Zehaztu dutenez, abendura arte egingo dituzten ekimenen egitaraua osatuta daukate, eta aurrera begira “jendearen kezka eta interesen araberako” ekintzak antolatzeko prest agertu dira. “Jendea gustura egotea eta parte-hartzea bultzatzea da gure helburua eta horretarako proposamen berriak jasotzea beharrezkoa da”.
Asmo horiek finkatzeko orduan, beste elkarte batzuen esperientziak ezagutzea “garrantzitsua” izan dela aitortu dute, baita zuzendaritza batzordea “berpiztea” ere. Diotenez, hiru pertsona bakarrik geratzen ziren karguan, baina udalak egindako ahaleginari esker, talde berria eratzea lortu dute. “Hamabi urteren ostean, Itziar Diez Badiola presidentea, Itziar Oñederra presidenteordea eta Maria Luisa Ostolaza idazkaria bakarrik geratu ginen”, azaldu dute.
Lekukoa hartzeko jendea falta zela ikusirik, udal ordezkariekin elkartu ziren eta, beren egoeraren berri izan ondoren, udala taldea indartzeko lanean jarri zela adierazi dute. “Haize freskoa ekarri duten beste bederatzi lagunek baiezkoa eman ondoren osatu dugu taldea. Lehen hiru pertsona geunden eta oso mugatuta geunden. Orain, ordea, ardurak banatu ditugu eta, hortaz, lana eraginkorragoa izango da”. Diezek, Oñederrak eta Ostolazak lehengo karguan jarraitzen dute, Rosa Ostolaza diruzaina izango da eta Joxerra Larrañaga, Itziar Muga, Enrique Garcia, Ina Aznal, Carlos Zubicaray, Maria Naranjo, Izaskun Urbizu eta Oscar Urdangarin, berriz, batzordekideak.
Gaur egun, 688 bazkide ditu Arbilek; bazkidetza kanpaina martxan dagoela gogorarazi dute
Esku artean dituzten gai edo eginkizunetan laguntzeko edo aholkuak emateko laguntzaile sarea ere hasi dira osatzen. Talde horretan daude, adibidez, Alfredo Tapia, Enrique Salgado, Irene Askasibar, Eladio Cortes eta Agurtza Markuerkiaga. Edozein arlotan laguntzeko prest dauden herritarrak beso zabalik hartuko dituztela diote. “Gure ikuspegitik aztertutako edota gure beharrak asetzeko moduko edozein proposamen ongi etorria izango da. Era berean, norbaitek gurekin lan egitera etorri nahi badu ere, oso pozik hartuko dugu”.
Udalerrian, adineko bi lagunetik bat elkarteko bazkide da, eta gaur egun 688 bazkiderekin elkartea “osasuntsu” dagoela uste dute. Hala ere, bazkide kanpaina martxan dagoela gogorarazi dute. Interesa duten herritarrek elkartera jo beharko dute. “Astelehenetan eta ostegunetan aurkituko gaituzue bulegoan, 11:00etatik 12:30era”.