Abian da, beste urte batez, Beldur Barik lehiaketa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitu eta genero berdintasunerantz eraldatzen lagunduko duten hausnarketak eta eztabaidak sustatzeko helburuz. Parte hartzeko epea zabalik dago eta Deban lanak aurkezteko epea azaroaren 27an amaituko da (proiektuak, zehazki, 23:59 aurretik bidali beharko dira). Berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Beldur Barik lehiaketa orokorraren epea azaroaren 10ean bukatu zen, baina Debako Udalak jakinarazi du egun hori baino beranduago aurkeztutako lanek tokiko lehiaketan soilik parte hartuko dutela.
Egitasmoarekin bat eginez, udalak lehiaketan parte hartzeko deia egin die udalerriko 12 eta 20 urte bitarteko gazteei. “Berdintasunarekin eta indarkeria sexistaren aurkako borrokarekin lotutako gaiek kezkatzen bazaituzte, hau da zure ahotsa entzunarazteko eta zure konpromisoa erakusteko aukera”, nabarmendu dute.
Lehiaketa honen helburua argia da, antolatzaileek gogorarazi bezalaxe: “Ikus-entzunezko produkzioen bidez, gazteek desberdintasun-egoeren aurrean nola erantzuten duten eta indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten kontatu ahal izatea. Beldur Barik jarrera errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren gaitzespen irmoan oinarritzen da”.
Hiru kategoriatan banatuta parte hartuko dute lehiakideek. Lehenengo kategoria 12-13 urteko gazteei zuzenduta dago, bigarrena 14-18 urtekoei, eta hirugarren kategorian, berriz, 19-20 urteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Kategoria bakoitzeko lan onenek 100 euroko sari bana irabazteko aukera izango dute.
Interesa duten pertsonek Debako tokiko oinarriak kontsultatu ahal izango dituzte lehiaketaren xehetasun guztiak ezagutzeko (hemen dituzue ikusgai). Informazio gehiagorako: www.deba.eus.