Abenduaren 1ean, ostiralean, Kultur Elkartean izango da Iñaki Garitaonandia, Gari musikaria (Legazpi, 1963). Bakarka jardungo du agertokian, 20:00etatik aurrera. Azken urteotan sortutako kantek osatuko dute emanaldiko errepertorioa, baina baliteke tartean pieza berriren bat ere aurkeztea. “Kantak era biluzian abestuko ditut, modu sinplean, hitzari garrantzia emanez”, aurreratu dio Berriketan aldizkariari. Kontzerturako sarrerak aurrez erosteko aukera izango dute bihar herritarrek. 12 euroan izango dira salgai (hamar euroan Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideentzat).
Abenduaren 5ean, berriz, Erdaldun berrien kluba umorezko bakarrizketa izango da Kultur Elkartean (22:00etan). Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak ekoiztutako lana da. Bakarrizketaren egilea Idoia Etxeberria oñatiarra da eta Olatz Pagalday eskoriatzarrak dihardu aktore lanetan. Euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu nahi du antzezlanak, betiere umore klabean. Sarrerak 5 euroan eskura daitezke bihar (bi euro gutxiago ordaindu beharko dute zuhatzakideek).
Emanaldietarako sarrera guztiak bihar salduko ez balira, saioen egunean bertan ere jarriko dira salgai.