Arbil erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak adinekoen kolektiboari zuzendutako hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunotarako. Debako Udalarekin elkarlanean, esaterako, jarduera fisikoa sustatzea helburu duen irteera egingo dute azaroaren 22an. Zehazki, Elgoibartik abiatu eta Eibarren amaituko den txango bat egitea proposatu dute.
Irteeran parte hartzeko interesa dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko, ezta ezer ordaindu beharko ere; 10:40etarako tren geltokira gerturatzea nahikoa izango da, izan ere, ordu horretarako trena hartu eta Elgoibarrera abiatzea da asmoa. Antolatzaileen esanetan, “eskualdearen edertasun naturala esploratzeko, aire freskoaz eta jarduera fisikoaz gozatzeko eta beste debar batzuekin momentuak partekatzeko” aukera eskainiko du txangoak. “Gainera, Elgoibartik Eibarrera ibiltzeak gure inguruko historia eta kultura aberatsa preziatzeko aukera ematen du”.
Debako Udalak, bere aldetik, “herritarren osasuna eta ongizatea sustatzen” duten halako jardueren garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Ibilaldia adin eta maila fisiko guztietako pertsonek goza dezakete; pozik gaude aukera hau Arbil Elkartearekin lankidetzan eskaini ahal izateaz”.
Azaroaren 16an zabaldu zuten azaroaren 29an Oñara egingo duten irteeran parte hartzeko izen ematea; autobusa bete arte horretarako aukera egongo dela esan dute
Azaroaren 29rako, bestalde, Oñara irteera antolatu du Arbilek. Elkarteko kideek azaldu dutenez, Burgosko (Espainia) herria ezagutzeko bisita gidatua egingo dute lehendabizi, eta herriak eskaintzen duena ikusi ondoren, poteoan ibiltzeko eta bazkaritako tartea ere hartuko dute. Irteeraren prezioa 45 eurokoa da, eta prezio horren barruan garraioa, bisita gidatua eta bazkaria sartzen direla esan dute.
Azaroaren 16an zabaldu zuten irteeran parte hartzeko izen ematea, eta autobusa bete arte horretarako aukera egongo dela esan dute. Interesa dutenek Berasaluze Plazako egoitzan izena eman beharko dute, bulegoa zabalik dagoen orduetan. Honakoa da ordutegia: astelehenak eta ostegunak, 11:00etatik 12:30era. Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da. Lehen geldialdia Itziarren egingo dute; 08:15ean jarri dute hitzordua. Ondoren, Debako bizilagunen txanda izango da; 08:30ean zumardian (hondartza sarreran) ipini dute hitzordua.