Mingaina dantzan jarri eta giro gozoan euskaraz hitz egiteko gunea eskaintzera dator, hirugarrenez, Mintzodromoa. Eta, azken bi urteetan egin bezala, antolatzaileek herritar guztiei egin diete saioan parte hartzeko gonbidapena. Gogorarazi dutenez, adin eta profil ezberdineko jendeak parte har dezake hitzorduan; euskaraz hitz egitea da bertan jarduteko baldintza bakarra, bakoitzak duen hizkuntza maila edozein dela ere.
Funtsean, hainbat gairen inguruan euskaraz jarduteko eta iritziak trukatzeko espazioa eskaintzen du ekimenak. Bi lagunek gidatuko dute saioa; bertan, lauzpabost laguneko taldeetan banatuta, parte hartzaileek askotariko gaiez hitz egiteko aukera izango dute eta, denbora tarte batez hizketan aritu ostean, beste talde batera mugituko dira, jende berriarekin elkartuz.
Azaroaren 29an izango da Mintzodromoa, Agirre jauregiko Ispiluen gelan,18:00etan, eta bertaratutako guztientzat luntxa ere eskainiko dute gero, hitzordua biribiltzeko. Aurrez eman behar da izena, azaroaren 28a baino lehen, 632 04 33 22 telefono zenbakian. “Pertsona guztiak izango dira ongi etorriak, eta aukera ezin hobea izango da euskaraz aritu eta beste herritar batzuekin harremanak sendotzeko. Ondo pasako dugu eta animatu zaitezte!”, nabarmendu dute antolatzaileek.