Debako Udal iturriek jakitera eman dutenez, egoitza soziala Deban kokatutako irabazi asmorik gabeko kirol klub eta elkarte guztiek edukiko dute udalerrian kirol jarduerak eta jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin egin den deialdira aurkezteko eskubidea. Hori bai, salbuespen modura, herrian eskuragarri ez dauden espazio bereziak behar dituzten modalitateak eskaintzen dituzten kirol klubek eta elkarteek ere dirulaguntza eskatzeko aukera izango dutela gaineratu dute.
Gogorarazi dutenez, udalaren helburuekin bat datozen jarduerak eta herritarren ongizatean laguntzea bilatu beharko dute dirulaguntzen onuradun izan nahi duten kirol klub eta elkarteek. Zehaztu dutenez, soilik 2022ko abuztuaren 1etik 2023ko uztailaren 31ra bitartean egindako ohiko jardueretako eskatu ahal izango dira udaleko Gazteria eta Kirol Departamenduak kudeatuko dituen dirulaguntzak.
Baldintza horiez gain, honakoak ere bete beharko dituzte eskatzaileek:
- Gutxienez, hamabost lizentzia izatea taldeko kiroletan edo, gutxienez hamar, banakako kirolen atalen batean. Puntu honetarako jasotako salbuespena gutxiengoan dauden kirol modalitateetan aritzen direnek izango dutela esan dute; besteak beste, emakumeen kirolean edo bertako kiroletan aritzen direnek.
- Bazkideen edo kirolarien urteko kuotak 600 eurotik gorakoak ez izatea.
- Ehizara edo mendizaletasunera bideratutako kirol erakundeak ez izatea, udalerrian kirol ekitaldiak edo antzekoak antolatzen ez badituzte.
Eskabideak aurkezteko era. Deialdian parte hartzeko interesa duten klub eta elkarteek udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Horiek aurkezteko tartea 30 egun naturalekoa da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu (azaroak 16) eta biharamunetik kontatzen hasita. Informazio gehiago edota eskaera inprimakiak lortu nahi dituztenek udalaren webgunea bisitatu edo idazkaritza sailarekin harremanetan jar daitezke.