Lau bat hamarkada joan dira musikaren munduan lehen urratsak egin zituenetik, baina “bizirik sentiarazten” duen horretan buru-belarri jarraitzen du Garik; ziklo batzuk itxiz, eta beste zenbait zabalduz. Askotariko proiektuetan murgilduta ibili ohi da beti musikaria eta horretan dihardu gaur egun ere. Berriketan-i azaldu bezala, besteak beste, abesti berriak lantzen eta Maldanbera taldearekin laster disko berria grabatzeko asmotan dabil. Deban, ordea, bakarkako saioa eskainiko du oraingoan. Azken urteotan sortutako kantek osatuko dute emanaldiko errepertorioa, baina “baliteke” tartean pieza berriren bat ere aurkeztea. Kontzertua Euskeraz Bagera zikloaren baitan egingo da eta sarrera guztiak agortuta daude.
Euskararen Egunaren harira antolatutako egitarauaren baitan ariko zara Kultur Elkartean. Zalantzarik gabe, zure abestietako asko erreferente izan dira askorentzat. Zer sentitzen duzu, adibidez, zure kantek euskara ikasten laguntzen dutela jakitean? Eta nola hartzen duzu ardura hori?
Nire burua ez dut inoiz testuinguru horretan jartzen. Behin kanta publikoaren aurrean aurkeztu ondoren, bere ibilbidea hasten du, bizitza propioa hartzen du. Kantak ez dira ezer beste aldean ez badute entzuleria bat; horretarako sortzen dira, horren beharra dute.
Aurrez ere egona zara Deban. Besteak beste, Animadeba zinema jaialdiaren harira abestu izan duzu bertan. Zer nolako lotura duzu herriarekin? Jakin badakigu elkarlanean aritu izan zarela, adibidez, Aitor Oñederrarekin…
Bai, hala da, Aitor Oñederrarekin hainbat proiektu gauzatu ditugu elkarlanean. Artista handia izanda, Aitorrek lotura estua du bere herriarekin eta horren adibide da Animadeba jaialdiaren antolaketa. Berari esker daukat nik harremana Debako herriarekin, Deba berarekin lotzen baitut nahitaez.
Ziper taldean abiatu zenuen musika ibilbidea, 1979an. Gero Hertzainak taldean sartu zinen eta, bertan hamarkada batez jardun ondoren, bakarkako bideari ekin zenion beste hainbat urtez. Ondoren etorri ziren Maldanbera taldearekin aritzea edota iaz Hertzainak taldearekin egindako agur kontzertuak… Konta iezaguzu, zertan zabiltza orain? Zer duzu esku artean?
Debarako prestatzen ari naizen kanten zerrendan azkenengo urte hauetan idatzitako kantak izango dira, eta baliteke kanta berriren bat ere aurkeztea. Esan duzun bezala, beti nabil musika proiekturen batean murgilduta, eta sarritan batean baino gehiagotan. Hala da orain ere…
“Kantak ez dira ezer beste aldean ez badute entzuleria bat; horretarako sortzen dira, horren beharra dute”
Etorkizun hurbilera begira, proiektu edo erronka zehatzik bai?
Lanean gabiltza, kanta berriak lantzen ari naiz dagoeneko Maldanbera taldearekin eta asmoa disko berria grabatzea da, datorren urtarrilean, Elkar diskoetxearen eskutik.
2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean Hertzainak taldeak bere ibilbidea borobildu zuen Bilbon eta Gasteizen, agur esateko emandako kontzertuekin. Ziklo hori guztiz itxita al dago?
Nire konpromisoa etorkizunarekin lotuta dago, egunerokoan oinarritua. Aipatzen duzun zikloa amaitua dago, bai, eta ezin hobeto amaitua.
Bakarka batzuetan, taldean bestetan… zer eskaintzen dizu zuri bakoitzak? Edo beste modu batean galdetuta, zer garrantzi dute taldeek zure ibilbidean eta zer garrantzi publikoaren aurrean bakarka aritzeak?
Proposamen erabat desberdinak dira; batean, taldearen babesarekin agertzen naiz, eta, bestean, biluz-biluzik. Biak ditut oso gustukoak, aberasgarriak direlako biak ere, baina oso modu desberdinetan. Taldearekin saioa musikalki biribilagoa izaten da, indarrez betea… eta bakarka ari naizenean, berriz, zirrarak azaleratzen dira, publikoarekin konexioan sakonduz. Azkenaldi honetan oso eroso sentitzen naiz bakarkako formatuarekin, inoiz baino gusturago; zirrarak formatu horretan partekatzeak betetzen nau.
Era batean zein bestean, musika beti bidelagun?
Publikoarekin sortzen den magiaren atzetik edo haren bila noa betiere, hor baita behar dudan erregaia.
Zer eman dizu zuri musikak? Eta zer kendu?
Galdera honi erantzuteak denbora gehiegi emango digu; utz dezagun horrela, bizirik sentiarazten nauela esango nizuke.
“Azkenaldi honetan oso eroso sentitzen naiz bakarkako formatuarekin, inoiz baino gusturago; zirrarak formatu horretan partekatzeak betetzen nau”
Emozioei buruz hitz egiten duzu askotan zure abestietan, ezta? Ezinbestekoa da zuretzat?
Nire bizitzan, bizitza guztietan bezala, une argitsuak izan dira eta une zakar eta ilunak ere bai. Erori eta altxa, proba eta hutsegite, irabazi eta galdu… Bizitzaren ibilbidean aurkitu izan dudana da, superbibentziaz aritzen naizela uste dut.
Hamaika proiektutan ibili zara hamarkada hauetan. Zer nolako eboluzioa izan du Garik artista edo musikari gisa?
Ez dakit zehazki zer nolako eboluzioa izan dudan, baina esan dezaket eboluzioa egon badagoela, egon nahi dudan lekuan nagoela musikari gisa. Inoiz baino gusturago sentitzen naiz neure buruarekin eta neure musikarekin, nirekin lan egiten dutenekin.
“Esan dezaket eboluzioa egon badagoela, egon nahi dudan lekuan nagoela musikari gisa”
Zein puntutan ikusten duzu zure burua orain musikalki?
Bueno, nire adinarekin… heldutasunean ziurrenik! Eta, aldi berean, aurrera egiteko gogoz eta ikasten eta hobetzen jarraitzeko beharrarekin, nire eboluzioan beste pauso bat emanez.
Eta nola ikusten duzu musikagintzaren egoera gaur egun Euskal Herrian?
Belaunaldi-arrakala dugu aurre-aurrean, ezer berririk, beti gertatu izan ohi dena eta, gainera… hala behar du!