Odol emate kopuru handiak egin dituztenei eskerrak emateko ekitaldia berezia izango da aurten. Jabier Zubiaurre eta Arantza Iriondo senar-emazteek duela 36 urte hartu zuten Debako Odol Emaile Elkartearen gidaritza eta, Zubiaurre hil ondoren, Iriondok hartu zuen taldearen ardura, Alaitz Zubiaurre alabak, Martina Zubizarretak, Mari Karmen Lazkanok eta hainbat senidek eta kuadrillako kidek lagunduta. Orain, taldeak atseden hartzea erabaki du eta, azken urteotan alboan izandakoen laguntza eskertzeko ez ezik, lekukoa hartu duen lantalde berria aurkezteko ere baliatuko du abenduaren 3an 11:30ean udaletxean egingo den ekitaldia.
Amets eta Ihintz Urkirik, Leire Agirrebeñak, Mirari Oñederrak, Kristina Etxeberriak eta Edurne Uriak hartu dute azken urteotan “era nekaezinean” lanean aritu direnen lekukoa. Jada hasita daude jardunean eta “pozik” azaldu da orain artean elkarteko ordezkari nagusi izan den Arantza Iriondo, taldearen etorkizuna “esku onetan eta bermatuta” ikusten duelako.
Ohi bezala, odol emaile handien “ezinbesteko lana eta konpromisoa” ere aitortuko dute. Aurten zortzi lagunek jasoko dituzte intsigniak eta esker onak: odola 25 aldiz ematearren, Paul Garciak eta Josu Tapiak; 40 aldiz ematearren, Ane Miren Egidazuk; 50 aldiz ematearren, Ander Martinezek; 60 aldiz ematearren, Miren Itziar Robledok; eta, 75 ateraldirekin, Juan Jose Aguirregabiria, Juanan Izaguirre eta Jose Alberto Lazcanok.