Euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua den Durangoko Azokak abenduaren 6tik 10era bitartean izango ditu ateak zabalik aurten. Fantasia DA! leloarekin dator, Nerea Mujika Gerediagako gerenteak esplikatu duen moduan: “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.
Dagoeneko 58 urte igaro dira azokaren hasierako bultzatzaileen amets hartatik, “fantasia hura errealitate bihurtu zen eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua dugu”. Mujikak gaineratutakoaren arabera, “euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsua eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia”.
Mundu propioa sortu
Fantasia horren irudi eta isla, Ximon Agirre artistak sortutako kartelak ilustratuko du azoka, hiru dimentsioko irudi sakona baliatuz, errealitate birtualean landua. Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. “Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak…) pertsonaia fantastikoekin uztartuz”, esplikatu du Agirrek berak.
Ikasle Goiza
Azokak abenduaren 6an ateak zabaldu ondotik, hurrengo egunean, abenduaren 7an, ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunen egitaraua izango da, bestela esanda, Ikasle Goiza izango da. Egun horretan, nolanahi ere, azoka nahi duen guztiarentzat zabalik izango da 10:30etik 20:00ak bitartean.
Aurrez aurrekoaren alde
Osterantzean, aurten, Durangoko Azokak aurrez aurreko formatuaren erabateko apustua egin du, 2020an, pandemiak eragindako egoerak behartuta, abian jarri zuten online azoka ereduaren leihoa itxiz.
Antolatzaileek esandakoaren arabera, iaz, azoka presentziala indartu zuten, eta, erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, esplikatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.
Hurrengo astean zabalkundea
Horrekin batera, Gerediaga elkarteko ordezkariek gogora ekarri dute Durangoko Azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaiola. Ekimen horri esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan. Horietako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dituzte.
Zortzi gune ditu azokak
Azokaren ezaugarriei dagokienean, berriz, 1990etik liburu eta diskoen azokari, kulturaren diziplina ezberdinak ordezkatuz, gune bereziak lotzen joan zaizkio eta, gaur-gaurkoz, zortzi gunetan banatuta dago azoka: Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Areto Nagusia, Kabia, Plateruena eta Azoka TB.
Lankidetzarako topaketak
Bestalde, Durangoko Azokaren bueltan, baina azoka zabaldu baino lehenago, sortzaileei eta programatzaileei zuzendutako DA! PRO aurrez aurreko bi topaketa egin dira azaroaren amaieran, aurten bosgarren urtez. Ekimen horren helburua da euskaraz jarduten duten sortzaileen eta programatzaileen arteko lankidetza sustatzea.
Hori horrela, DA! PRO topaketan, sortzaileek euren lanak erakutsi ditzakete sektoreko programatzaileen, kultur teknikarien, liburutegietako dinamizatzaileen eta bestelako profesionalen aurrean.
Horretarako, batetik, familia ikuskizunen aurkezpen laburrak egin dituzte, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, azaroaren 28an. Bibliotekaren beraren eta Berbaro euskara elkartearen laguntzarekin egin dira aurkezpenok. Bestetik, musikarien txanda azaroaren 29an izan da. Musika Bulegoarekin batera antolatutako ekimenean, urtean zehar Euskal Herriko kultur aretoetan ekintzak prestatzen dituzten programatzaileek bertatik bertara ezagutu dituzte sortzaileen lanak. Plateruena kultur aterpean izan da topaketa hori.
Debabarreneko uzta
Debabarreneko Komunikazio Taldeak (DKT) jasotako informazioaren arabera, aurten bailarako idazle, musikari eta argitaletxeek ondutako 20 liburu eta disko baino gehiago izango dira azokan; tartean dira, besteak beste, eleberriak, haurrentzako nahiz gazteentzako liburu ilustratuak, itzulpenak, ikerketa lanak eta musikari ezberdinen diskoak.
GEHIGARRIA: Azaroko Berriketan aldizkarian argitaratu den Errealitate bihurtu den fantasia gehigarrian (289.alea) ikus ditzakezue, herriz herri, eskualdeko sortzaileek azokara aurkeztuko dituzten kultur lanetako batzuk (DKT osatzen duten gainerako komunikabideetan ere argitaratu da).
*Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT): Drogetenitturri (Ermua, Mallabia), …eta kitto! (Eibar), Pil-pilean (Soraluze), Barren (Elgoibar, Mendaro) eta Berriketan (Deba).