Urrian abiatu eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan amaitu da, beste behin ere, institutuko DBHko bi zikloetako ikasleei zuzendutako sariketa. Orotara 230 bat ikaslek parte hartu dute aurtengo deialdian eta gaurko ekitaldian jakinarazi du epaimahaiak bere ebazpena.
Amets Carrillo, Alazne Txurruka, Igor Larrañaga, Itziar Arana eta Izaro Aulestiarte aritu dira epaile lanetan. Haien erabakiz, lehen zikloan (DBHko 1. eta 2. maila) Nora Vega nagusitu da, Amak kontatutakoak izenburuko lanarekin; Lore Arrietak jaso du bigarren saria, Larunbat hura lanarekin; eta, azkenik, Ainhoa Gallardek lortu du aipamen berezia, Amama lanari esker. Bigarren zikloan (DBHko 3. eta 4. maila), berriz, Irati Majoralek lortu du lehen saria, Hitzez definitu ezin daitekeena lanarekin; Laine Alberdirentzat izan da bigarren saria, Sagar ustela idazlanari esker; eta aipamen berezia Maya Castillok eskuratu du, Nor dago behar dudanean izenburuko lanarekin.
Liburu elektroniko bat jaso dute opari ziklo bakoitzean lehenengo saria irabazi dutenek eta Arkatzan erabiltzeko 60 euroko opari txartela, berriz, bigarren saria lortu dutenek. Aipamen berezia izan duten lanen egileek ere jaso dituzte opariak. Ikasleak, irakasleak eta Zuhatza elkarteko ordezkariak izan dira sari banaketa ekitaldian. Epaimahaiaren balorazioak entzun ostean, lanak jendaurrean irakurri dituzte ikasle sarituek eta ekitaldiaren amaieran zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere egon da.