Jon Artano Izeta kazetariak (Zestoa, 1978) bere lehen liburua argitaratu du, Juana, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika bekaren laguntzaz. Kazetaritza “su geldoan” egin nahi zuen Artanok eta horretarako baliatu du beka. Azken emaitza Durangoko Azokara ere badarama zestoarrak eta bertan aurkeztuko du argitalpena, abenduaren 8an, 19:00etan.
Juana Perea Plata da liburuko protagonista, 1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako euskal familia batean jaiotako “ardi beltza”, legendazko emakume bat. Nerabe zela, etxetik alde egin zuen Karibera. Urpekari profesional bihurtu zen, belaontzietan bizi izan zen, telebistan produktore lanak egin zituen, Afganistanen ibili zen gerran, hotel bat eraikitzen hasi zen gero… “Oso noizean behin sortzen diren pertsona horietako bat izan zen Juana”, laburbildu du Artanok.
“Abenturazalea, ausarta, mugarik ezagutzen ez zuena, mugak topatuz gero mugak pasa egiten zituena, erakarpen indar handikoa… Bere senide batek esan zidan bezala, urakan bat zen”. 2020ko urriaren 29an tiroz erail zuten Kolonbian, “agian marra bat baino gehiago gainditu zuelako, agian gehiegi nabarmendu zelako”.
“Nahikoa bere horretan”. Artanok Anderik Ande izeneko proiektuarekin irabazi zuen iaz Tene Mujika beka. Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta Euskal Herrian dabiltzan hainbat amerikarrenak jasotzea zen hasierako asmoa eta sei hilabeteko bidaiari ekin zion Argentinan, Txilen, Bolivian, Perun, Ekuadorren eta Kolonbian. Azkenean, ordea, Perearen eta haren familiaren istorioari eman dio liburu osoa, “liburu izateko nahikoa zelako bere horretan”.
Tene Mujika eta haren ekarpena, argitara
Tene Mujika bekaren fruitu diren liburuez gain, Robustiana Mujika Egaña, Tene (1888-1981) idazle eta olerkari debarraren irudia eta lana ezagutzera emateko bestelako argitalpenik ere izango da aurten Durangoko Azokan. Otsailean aurkeztutako Tene Mujika emakumea. Pizkundetik ahanzturara. XXI. mendetik ateratako postargazkiak ikerlana da adibideetako bat.
Mondragon Unibertsitateko irakasle Nekane Goikoetxea Agirrek (Deba, 1970) osatu du lana. Helburua bikoitza izan da. Batetik, Tene Mujika bere garaian kokatuta eta haren soziobiografia aintzat hartuta, bere ekarpenari balio handiagoa eman nahi izan dio egileak; bestetik, Mujikaren azterketan genero ikuspegia txertatu du. Eusko Jaurlaritzaren Berdintzen bekarekin ondu du ikerlana Goikoetxeak.