Kaleei eguberri kutsuko giroa emateko eta ospakizunarekin bat eginda, merkataritzaren sustapena, eta bertakoentzako eta bisitarientzako erakargarritasuna bultzatzeko asmoz, urteko sasoi horretako dekorazioarekin lotura zuzena duen 2023/2024 Gabonetako Balkoi, Leiho eta Fatxaden I. Lehiaketa antolatu du Debako Udalak.
Ekimenaren garrantzia azpimarratzearekin batera, lehiaketa “herritarrak inplikatzeko eta ospakizunaren parte sentiarazteko modu” bat dela adierazi du Alazne Txurruka alkateak. “Lehiaketak Gabonetako magia ospatzeaz gain, funtsezko zeregina du tokiko merkataritza sustatzeko eta gure kaleak edertu eta jai-giroa sortzeko”.
Zehaztu dute lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez bost balkoi, fatxada edo leiho inskribatu beharko direla
Deban bizi diren pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute sariketan, “baita bizilekua herrian” dutenek ere. “Parte hartzaileek askatasun osoa izango dute beren sormena eta estilo pertsonala balkoien, leihoen eta fatxaden dekorazioan adierazteko, betiere dekorazio hori oinezkoentzat arriskutsua ez bada”.
Hori bai, zehaztu dute lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez bost balkoi, fatxada edo leiho inskribatu beharko direla eta parte hartu nahi dutenek gutxienez 2023ko abenduaren 20tik urtarrilaren 8ra bitartera apainduta izan beharko dituztela balkoi, leiho edo fatxadak. “Epe horretan dekorazioan kalteak gertatuz gero, parte hartzailearen erantzukizuna izango da beharrezko konponketak egitea”.
Parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman behar dute; abenduaren 20a da horretarako azken eguna. Honako moduetan erregistratu daiteke: udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioa beteta, turismo bulegora bertaratuta (10:00etatik 14:00etara ) edo 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta.
Urtarrilaren 5ean emango dute jakitera epaimahairen erabakia. Egun horretan egingo dute sari banaketa ere, “Errege Magoak bertan direla”
Izena ematerako orduan, helbidea eta zein modalitatetan (balkoia, leihoa edo fatxada) parte hartu nahi den zehaztu beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat ere. Parte hartzaileek, gainera, gutxienez euren dekorazioaren argazki bat (gehiago ere nahi bada) ere bidali beharko dute turismoa@deba.eus helbide elektronikora.
Parte hartzaile guztien dekorazioen diseinua, originaltasuna, birziklatutako elementuen erabilera edota herri tradizioa erabil ote duten aztertu ondoren, urtarrilaren 5ean emango dute jakitera epaimahairen erabakia. Egun horretan egingo dute sari banaketa ere, “Errege Magoak bertan direla”. Denetara, lau sari banatuko dituzte: 200 euroko lehen sari bat, 150 euroko bigarren sari bat, 100 euroko hirugarren sari bat eta 50 euroko laugarren sari bat.