Abenduaren 28an, Inozente egunean, Kultur Elkartean izango da Oskar Terol umorista (Donostia, 1969), Mundos para lelos ikuskizuna aurkezten. Emanaldia gaztelaniaz izango da, 20:00etan emango zaio hasiera eta ordubete inguru iraungo du. Bakarrizketa eta zuzeneko musika uztartzen dituen obra honetan, komiko ezagunak “pertsona guztiok ulertzen ez dugun mundu baten errealitatea” erakutsi nahi du. Zera dio saioaren sinopsiak: “Protagonistaren helburu bakarra egunaren bukaerara iristea da, besteen begiradak eta kritikak ahalik eta gehien gainditu ondoren, eguneko edozein unetan bizitza hondatzeko ager daitekeen gure ni lelo hori ezkutatzen saiatuz”.
Abenduaren 29an, berriz, umorezko lau bakarrizketa labur batzen dituen Stand Up Gaua saioa izango da Kultur Elkartean (20:00etan). Beñat Iturbe (Iruñea, 1993), Esti Curiel (Zumaia, 1986), Asier Kortabarria (Bergara, 1992) eta Manex Astigarraga (Deba, 1995) ariko dira agertokian, eta bakoitzak ordu-laurden inguruko bakarrizketa saioa egingo du. Stand up komedia formatuan, umoristaren eta publikoaren arteko zuzeneko harremana bilatzen da, bien arteko elkarreragina sustatuz. Gizartearen hipokrisiaz, politikariez, tradizioez, eguneroko bizitzako egoerez edo norbere buruaz barre egitea eta hausnartzea bilatzen da, tonu ironikoan betiere.