Azken edizioko euriteen eta uholdeen ondotik, Ortzadarra goiburupean egingo da 2024ko Herri Urrats, maiatzaren 12an Senpereko lakuan. Bertan bildutako dirua Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola berria eraikitzeko baliatuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, jaialdiaren nondik norakoak iragartzeko egin duten agerraldian.
Neomak taldea izan zen maiatzean Herri Urratseko kontzertuetan parte hartu zutenetako bat, baina emanaldia behin baino gehiagotan eten behar izan zuten. Orduan erabaki zuten aurtengo kantua egiteko lana haiei proposatzea, eta, antolatzaileen esanetan, “hasiera-hasieratik” onartu zuten. Abestia eta bideoklipa martxoaren hasieran aurkeztuko dituzte.
Maiatzeko bigarren igandeko jaialdia heldu bitartean, bestelako ekitaldi batzuk ere egingo dituzte, “giroa berotzeko” asmotan, hala nola bertso saioa, zozketak eta Go!azen telesail arrakastatsuaren hamargarren denboraldiko azken atalaren aurrestreinaldia.
Bestalde, maketa lehiaketa bat ere antolatu dute aurten, euskaraz abesten duen talde orori irekia. Lanak bidaltzeko epea abenduaren 3an zabaldu zuten eta urtarrilaren 3ra bitartean egongo da zabalik. Gehienez ere hiru abesti bidali behar dira, Wetransfer bidez, herriurrats@ikastola.eus helbidera. Abestiekin batera, dokumentu bat bidali beharko da, bertan taldearen izena, jatorria eta kontaktua zehaztuta. Behin lan guztiak jasota, epaimahaiak otsailaren 2an jakinaraziko du ebazpena. Saria Herri Urratsen bertan jotzea izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “euskal musika talde berriei aukerak zabaltzea” da egitasmoaren helburua.