Abenduaren 11n, astelehenez, bailarako lau euskara elkartetako lehendakariak batu ziren Elgoibarren —Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean, Elgoibarko Izarra eta Debako Zuhatza—, Bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa sinatzeko.
Adierazi dutenez, datozen hilabeteetan lau elkarteotako komunikabideek —Ermuko eta Mallabiko Drogetenitturrik, Soraluzeko Pil-pileanek, Elgoibar eta Mendaroko Barrenek eta Debako Berriketanek— euren arteko elkarlana areagotuko dute eta bailara mailan egituratzeko pausoak emango dituzte, “komunikazio talde sendoagoa” sortzeko. “Uste dugu elkarrekin jardunda gaitasun handiagoa lor dezakegula gure komunikabideak berritzeko, izaera multimedia indartzeko, gure profesionalen formazioa eta lan-baldintzak hobetzeko… Eta, horrela, herritarrei kazetaritza ekoizpen erakargarriagoak eta kalitatezkoagoak eskaintzeko modua izango dugula”, azaldu dute.
Autonomia eta elkarlana
Bi oinarri nagusi zehaztu dituzte bide horretan aurrera egiteko: “Autonomia eta elkarlana”. Autonomia, “hedabideek komunikazioan zentratutako egitura eta funtzionamendua beregain izan dezaten”, eta, elkarlana, komunikazioa hain azkar aldatzen ari den garaiotan, “bailarako hedabideekin eta ,gainerako euskarazko tokiko hedabideekin elkarlanean jardunda hobeto eta errazago” lan egin ahalko dutela uste dutelako.
Hala, lau euskara elkarteek konpromiso irmoa adierazi dute komunikabideei behar duten “laguntza eta babesa” eskaintzeko, norabide horretan aurrera egin dezaten.
Erakundeen babesa
Elkarteetako lehendakariek eta herri komunikabideetako lankideek ez ezik, hainbat erakundetako ordezkariek ere parte hartu zuten Elgoibarko agerraldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko, Mendaroko eta Debako udaletako ordezkariak; Tokikomekoak eta Debegesakoak; Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundietako euskara zuzendariak; eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria. Guztien artean, erakundeek babes zabala adierazi zioten egindako hautu estrategikoari.
Proiektu irekia
Ekitaldian azaldu zutenez, bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa hiru urteren ostean iritsi da. Izan ere, eskualdeko komunikabideek 2020an ekin zioten euren arteko elkarlana indartzeko gogoeta prozesuari eta hiru urteotan horretarako aukera teoriko eta praktikoak landu dituzte elkarrekin, Alberto Etxeandia aholkulariaren laguntzarekin.
Oraingoz, hastapeneko prozesu horretan parte hartu duten lau elkartek eta komunikabidek erabaki dute bailaratzearen aldeko hautu estrategikoarekin bat egitea, baina, adierazi dutenez, proiektua “irekia” da eta etorkizunean ere zabalik izango da proiektuarekin bat egin nahi duten eragileek bertan parte hartzeko.
Urtarrilean berriketan.eus berritua
2024arekin batera bistaratuko da elkarlanaren bidean emandako pauso kualitatibo nagusienetako bat. Izan ere, urtarrilaren 15ean, bailarako lau hedabideek euren webguneak Tokikomen plataforma digital bateratuaren bidez argitaratuko dituzte, eskualdeko udal guztiek finantzatu duten inbertsio planari esker. Hori hala, drogetenitturri.eus webgune berria sortuko da Ermuan eta Mallabian; eta Elgoibarko eta Mendaroko barren.eus atariak eta Debako berriketan.eus-ek itxura berrituko dute.
Atariok punta-puntako diseinu eta funtzionalitateak izango dituzte, bereziki zuzenduak edukiak gailu mugikorretatik kontsumitzeko. Horrez gain, hemendik aurrera webgune guztiak edizio gune berberetik gestionatuko dituzte (aurrez plataforma bera ezarria zuen Soraluzeko plaentxia.eus barne) eta, horri esker, asko erraztuko da interes komuneko edukiak trukatzea komunikabideen artean.
Webguneak berrituta, toki komunikabideek Interneten duten jarduna indartu eta garatu nahi dute, herritarrei eduki gehiago eta modu erakargarriagoan eskaintzeko.