Beste hainbat herritan bezala, Gabonei begira antolatu ohi den bilketa berezia egin zuten Deban azaroaren 24an eta 25ean. Bertan batutako guztia zenbatu ondoren, iazko kopurua ez dela gainditu esan dute lanean aritu diren boluntarioek. “Normalean, zortzi kutxa edo gehiago betetzen ditugu, baina aurten sei besterik ez dira izan; bonu kopurua ere nabarmen jaitsi da”.
Kopuruak jaitsi izanak ez ditu, ordea, ezustean harrapatu. “Bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita, egia esan, aurreikusitako jaitsiera izan da. Izan ere, gero eta gehiago dira beharra duten familiak”, adierazi dute. Nolanahi ere, bilketan ekarpena egin duten herritarrentzako esker hitzak izan dituzte beste behin ere, beren eskuzabaltasuna nabarmenduz.