Debako Udalak Idi Probak antolatu ditu aurten ere, Urte Berriko Azokaren testuinguruan. Astelehenean (urtarrilak 8) jokatuko da harri arraste txapelketa, eta antolatzaileek esan dutenez, jardunaldi bakarrean erabakiko da irabazlea. Dema, ohi modura, Euskal Jolas pilotalekuko probalekuan jokatuko da; 20:00etan hasiko da norgehiagoka eta sarrera doakoa da. Udalak “tradizioa eta indarra nagusi izango diren gauaz” gozatzera gonbidatu ditu herri kirolen zale guztiak.
Gipuzkoako eta Bizkaiko hiru probalariren etxeetako idi pareek parte hartuko dute txapelketan, honakoek: Zallako Zornotza anaiak, Urretxuko Ipinarrieta eta Ezkioko Iker Zubillaga ‘Igeldo’. Antolatzaileek iragarri dutenez, guztiek ere “idi ikusgarriekin” parte hartuko dute. “Lehia gogorra eta zirraragarria izatea espero da. Indar fisikoa zein taktikoa eskatzen duen diziplina da eta parte hartzaileek, hortaz, antzinako harri arrastean duten trebetasuna erakutsi beharko dute”.
Banatuko dituzten sarien berri ere eman dute: guztira, 3.000 euro banatuko dituzte parte hartzaileen artean. “Parte hartzaileen trebetasun fisikoa ez ezik, tradizio kultural bat bizirik mantentzeko duten dedikazioa ere aitortzen dute sari hauek”. Plazarik gehien egiten dituen idi pareak 1.100 euro, txapela eta manta eramango ditu; bigarren sailkatuak, 1.000 euro eta hirugarren sailkatuak, 900 euro.