Landa eremuan garatzen den jardueraren erakusleiho bihurtu zen berriro ere larunbatean (urtarrilak 6) Deba. Eguraldi kaskarrak askorik lagundu ez bazuen ere, asko izan ziren kalera irten zirenak eta azokaren gune ezberdinetan (Foruen Plaza, Plaza Zaharra, estalitako pasealekua, kiosko parea, Portu kalea eta Arakistain Plaza) atondutako postuetan kuxkuxeatzen aritu zirenak ere. Ohi bezala, Kalez Kale txistulari taldea, trikitilariak, Musika Eskolako dantzariak eta Musika Banda arduratu ziren goiza eta eguerdi partea girotzeaz.
Oztopoak oztopo, giro ona nagusitu zen azokaren guneetan eta kaleetan, eta baserritarrek eta artisauek 14:30ean postuak jaso zituztenera arte, ekarritako produktuen salmenta (sasoiko barazki eta frutak, eztiak, gaztak, ogiak eta gozoak, taloak, txorizoak…) egiteko aukera izan zuten. Bertaratu zirenek, gainera, bestelako jarduera tradizionalez eta lehiaketa ezberdinez gozatzeko aukera ere izan zuten.
[Ikusi HEMEN Zoro Feriako argazkiak, zuzenean]
13:30ean udaletxeko arkupeetan egin zen ekitaldian, guztira, bost lehiaketako sariak banatu zituzten: baserritarrek landatu eta ekoiztutako fruta eta barazki lehiaketarena, latxa edota Karrantza ardi gazta lehiaketarena, eskualdeko XVII. Ezti Lehiaketarena eta, azkenik, azokako postu onenaren saria ere banatu zuten.