Zumardiari buruzko partaidetza prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte hilaren 29an

Berriketan 2022ko mar. 19a, 09:32

Dagigun partaidetza prozesuan zumardiari buruz egin den lanketaren emaitzak martxoaren 29an (asteartea) partekatuko dituzte. Orain arte egindakoak eman duen fruitua, eta aurrera begirako proposamena aurkeztuko dituzte udaletxeko pleno aretoan 18:30ean egingo den ekitaldian.

Debako Udalak, parte-hartze batzordearen bitartez, “udalerriko eragile sozial eta administratibo guztien kultura parte-hartzailea eta demokratikoa aktibatzeko prozesu sakon eta trinkoa” abiatu zuen 2021eko martxoan. Askotariko ekimenak egin dira herritarren ekarpenak jasotzeko, eta proposamen horiek dira orain ezagutzera emango direnak. 

Udalak gogorarazi bezala, hainbat interes elkar-gurutzatzen diren zumardiko ingurune horretan, interbentzio ezberdinak gauza daitezke, eta horiek guztiak uztartzea da lehenengo prozesu honen helburuetako bat. Tartean, Euskal Kostaldearen Geoparkeak Deban Paleolitoko haranaren musealizazio-proiektu bat garatzea aurreikusita dauka. Proiektu hori Kalbeton Zumarditik bertatik abiatuko litzateke, eta Deba ibaian gora joango litzateke, gorago dauden haitzuloetara. Ekimen horrek ibilbidearen hasiera zumardian kokatzen du.

Joan den azaroan kultura, hirigintza, karsta eta landa ekonomia ardatz hartuta mahai-inguruak egin ziren (karstari buruzkoak Euskal Kostaldearen Geoparkeak antolatutako jaialdiaren baitan). Herritarrek gai horien inguruan dituzten kezkak, gogoetak, proposamenak… azaleratu ziren saio horietan, eta oinarri gisa erabili dira ondorengo lanketan. Era berean, azaroan bertan, ingurunea bertatik bertara ikusteko ibilbide gidatuak eta tailerrak ere egin ziren.