GUTUNA

Zuhatza elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldea: “Geldiunea, bai, baina aurrera egiteko”

Erabiltzailearen aurpegia Kolore Anitz (Zuhatza) 2023ko mai. 3a, 14:37

Aurten, “zoritxarrez”, Zuhatza-Kolore Anitzek ez ditu Kolorez Blai udalekuak kudeatuko; “geldiune taktikoa” egingo dute, baina taldeak lanean jarraituko du euskarazko aisialdia sustatzeko helburuarekin.

“Kolore Anitzek urte osoko dinamika aktiboa duen arren, jakin badakigu egiten ditugun jarduera guztien artean arrakastatsuenak eta ikusgarrienak Kolorez Blai udalekuak direla. Hala ere, zoritxarrez, aurten ezingo da hala izan, ez baikara aurkeztu Debako Udalak udaleku irekiak antolatzeko helburuz egindako deialdira”, jakinarazi dute Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldeko kideek.

Azaldu dutenez, aurtengo deialdira ez dira aurkeztu “geldiune taktiko bat egitea beharrezkoa ikusten genuelako; geldiunea, bai, baina aurrera egiteko —argitu dute—. Gure antolakuntza eredua birpentsatu nahi dugu, esku artean ditugun erronkei erantzungo dien plangintza egoki bat osatzeko asmoz”. Alegia, beste aisialdi esperientzia batzuen berri izatea, zer egiten den ikusi eta ikastea da helburua uneotan, baita “udalekuetara indarberrituta itzultzea ere”.

Udalekuak kudeatuko ez dituzten arren, nabarmendu dute Zuhatza-Kolore Anitzen dinamikak aurrera egingo duela. “Eta herrigintzan gure presentzia handitu nahi dugu, betiko legez, ekimenak modu boluntarioan eginez”. Zentzu horretan, gainera, pozarren agertu dira bereziki ikasturte honetan antolatutako ekintza guztiek izan duten “erantzun bikainarekin”.

Aurten, hamar urte. Kolore Anitzek hamar urte beteko ditu aurten. Aurrez udalekuetan aritutako hainbat gazte hezitzailek eta Zuhatza elkarteak elkarlanean sortu zuten taldea, betiere haur eta gazteen artean euskarazko aisialdia sustatzeko helburuz. Ordutik lanean aritu da taldea, eta bide beretik jarraitzeko asmoa du. “Eskerrak eman nahi dizkizuegu bidelagun izan zaituztegunei eta aurrerantzean ere gurekin jarraitzea espero dugu”, adierazi dute.