Zuhaitz-landaketa egingo da igande honetan Arantzako artadian

Berriketan 2022ko mar. 11a, 09:00

Guztira 500 zuhaitz landatuko dira eta asmoa da Arantzako artadian erabilerarik gabe geratu diren nekazaritzako bi lursail baso bihurtzea.

Azken urteotako ohiturari jarraituz, aurten ere zuhaitz landaketa antolatu dute Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Landaketa igandean, martxoak 13, egingo da Arantzako (Itziar-Deba) artadian eta taldea goizeko 9:00etan elkartuko da Errotaberrin (ordu erdiko ibilalditxoa dago lursailera). Ekintza 12:30ak arte luzatuko da gutxi gorabehera.

Aurreko urteetako Elgorriagako lursaila bete egin zuten iaz, horregatik, aurten, Arantza baserritik (Itziar-Deba) Portutxikira doan bidearen ondoan dauden bi lursail erabiliko dituzte landaketa egiteko. Ekimen honek hainbat helburu ditu, besteak beste, malda handiko lurzorua babesteko funtzioa areagotzea, klima aldaketaren eraginari aurre egitea, eta kalitate handiko eta denboran irauten duten landare-estalkiak landatzea inguruaren zerbitzu ekosistemikoak hobetzeko.

Aurten guztira 500 bat zuhaitz landatuko dira eta asmoa da Arantzako artadian erabilerarik gabe geratu diren nekazaritzako bi lursail baso bihurtzea. Bertan artadia dagoenez, arteak izango dira landatuko diren zuhaitzik gehienak. Horrez gain, gurbitzak, erramuak, elorri beltzak landatuko dira. Era berean, urki batzuk, hurritzak eta haritzak ere sartuko dituzte. Denak bertako haztegietatik ekarritakoak eta bertako hazietatik altxatutako espezieak dira.

Plaza-kopuru mugagabea da, beraz, ez da beharrezkoa izena ematea. COVID-19a dela eta, indarrean dauden osasun neurriak ezarriko dira, eta, edukiz gero, nork bere aitzurra eramatea eskatzen da, nahiz eta han batzuk egongo diren.

Bestalde, arropa eta oinetako egokiak jantzita joatea aholkatzen da, baita ura eramatea ere, bertan ez dago eta iturririk. Landaketa publiko osoari dago irekita, baina haur eta gurasoei parte hartzeko deialdi berezia egiten zaie. Jarduera mokadutxo batekin amaituko da.