Zallako Zornotza anaiek jantzi dituzte Debako Urte berriko 45. Idi probetako txapela eta mantak

Berriketan 2023ko urt. 10a, 14:00

Debako Udalak Urte Berriko Azokaren testuinguruan antolatutako Kintopeko Txapelketa astelehenean (urtarrilak 9) jokatu zuten Euskal Jolas pilotalekuko probalekuan.

Jardunaldi bakarrean erabaki da aurtengo txapelaren eta manten irabazlea, eta indarrak neurtu dituzten lau idi pareen artean Zallako Zornotza anaiak demalarien uztarriak egin du lanik onena. Debako harri zaharrarekin egindako ordu erdiko lanean 45 plaza, zinta bat eta 5,44 metroko marka egin zuten Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia itzainek gidatutako bi abereek. Txapeldunen mantak eta txapelaz gain, 1.300 euroko diru saria eraman zuten irabazleek.

Zallako Zornotza anaiak etxeko idi parea, lehian. Argazkia: Ibon Errazu Uria.

21:00etan hasi zen txapelketa, eta tira egiten lehenengoak Zornotza anaien idiak izan ziren. Gainontzeko hiru lehiakideak gogor saiatu baziren ere, ezin izan zuten ezarritako marka gainditu. Irabazleen egindako markatik hurbil geratu ziren (plaza pasatxora) hirugarren plazaratu ziren Elgoibarko Soarte etxeko idiak. Ez ziren ziren irabazleen lana ontzera ailegatu, baina lan txukuna egin zuten, sailkapenean bigarren postua eta 1.200 euro eta garaikurra lortuz. Galder Bolaño eta Iñaki Urrutia itzainek gidatutako idiek, zehazki, 44 plaza eta 3,22 metroko marka egin zuten.

Galder Bolaño eta Jagoba Tubilla itzainek gidatutako Errezilgo Bixkiak etxeko idi pareak, berriz, hirugarren postuan amaitu zuen lehia. 23 plaza eginda, 1.100 euroko saria eta garaikurra eraman zuten etxera. Laugarren postuan, azkenik, Arroako Etxetxo etxeko idi parea sailkatu zen. Galder Tubilla eta Jagoba Tubilla itzainek gidatutako abereek 18 plaza egitea lortu zuten, eta horrenbestez, 950 euroko saria lortu zuten.

Soarte etxeko idiak, lehian. Argazkia: Ibon Errazu Uria.

Gainkarga. Idiek eraman beharreko gainkargari dagokionez, Zornotza anaien idiek eraman zuten gainkargarik handiena, 120 kilokoa, hain justu. Txikiena, ordea, Bixkiak etxeko idiek eraman zuten: 49,5 kilokoa. Etxetxo eta Soarte etxeko idiek, berriz, 100 kilotik gorako gainkarga eraman zuten: 117 kilokoa eta 102 kilokoa, hurrenez hurren.

Errezilgo Bixkiak etxeko idiak, lehian. Argazkia: Ibon Errazu Uria.
Arroako Etxetxo etxeko idiak, lehian. Argazkia: Ibon Errazu Uria.