Zaborrak biltzeko jardunaldia egin dute Sakonetako hondartzan

Berriketan 2022ko urr. 5a, 09:55

Geoparkearekin elkarlanean, Sakonetako hondartza garbitzen eta Deba-Zumaia biotopo babestuko plastikoen laginketan parte hartu du Aztiko zientzialariek zuzendutako boluntario talde batek. Larunbatean (urriak 1) batutako itsas zabor horien laginak La España Azul deritzon espedizioaren baitan aztertuko dira.

Ekimenak itsasoen eta itsas ekosistemen kontserbazioari buruzko kontzientziazio handiagoa sortu nahi du herritarren artean. Aztik eta Geoparkeak Sakonetako hondartzan gidatutako ekintzaren kasuan, gainera, biotopoak euskal lurralderako suposatzen duen ondare geologiko eta naturalaz ere kontzientzia sortu nahi du. “Ezaugarri bereziak eta paisaia balio aparta dituenez, funtsezkoa da Deba-Zumaiako biotopoaren ingurumen babesa”, azpimarratu du Gonzalo Torre Geoparkeko Ingurumen arduradunak.

Torrek gaineratu duenez, Sakonetako hondartzara bertaratzea zaila da, eta ondorioz, itsas korronteek bultzatuta iristen diren itsas zaborrek, besteak beste, marearteko ekosistemen biodibertsitatean inpaktu handiak eragiten dituzte. Hori horrela, ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Sakonetako hondartzako hondakinen bilketa eta ondorengo laginen analisia Nacho Dean abenturazaleak sustatutako La España Azul ekimenaren baitan egin dute. Nazioartean entzute handia daukan abenturazaleak Espainiako eta Portugalgo kostaldeak zeharkatu ditu 2023ko ekainera arte, herritarrak itsasoko zaborren ingurumen inpaktuaz kontzientziatzeko eta plastikorik gabeko ozeano baterantz aurrera egiteko.

Boluntarioak Sakonetako hondartzan garbiketa egiten. Argazkia: Geoparkea.

Aztik, bere aldetik, euskal kostaldea ondo ezagutzen duenez, itsasertzeko laginketa guneak zehazten lagundu du. Oihane Cabezas Aztiko adituaren iritziz, euskal kostaldeko itsas azalean geratzen den zaborrak portaera konplexua eta aldakorra dauka. “Asko dira garraioan, metaketan eta sakabanaketan eragina duten prozesu fisikoak, eta, gainera, oso aldakorrak dira geltokiaren eta kopapenaren arabera”.

Aztik egin berri dituen ikerketan arabera, udaberrian eta udan euskal kostaldeko uretan errenkada itxurako makro zabor-agregazioek eragina izan dezakete Deba-Zumaia biotopoa moduko balio ekologiko handiko eremuetan. Haizea eta zaborren tamaina moduko faktoreek ere berebiziko garrantzia dute pilatzeko orduan. “Itsas jardueren ondorioz, Bizkaiko golkoko uretan askatzen diren zabor handienak azkarrago eta kantitate handiagoan iristen dira inguruko hareatzetara; hala nola, arrantzaren edo itsas garraioaren ondorioz”.

Aztiko itsas zabor gaietan adituak ondorioztatu duenez, itsas zaborra saihestera eta arintzera bideratutako etorkizuneko ekintza zientifikoak eta politikoak ezartzeko “ezinbestekoak” dira La España Azul ekimenaren baitan egingo diren laginketa jardueren bidez itsas zaborren ugaritasunak eta tipologiak hobeto ezagutzea.