Zabalik dago XVII. Tene Mujika bekara lanak aurkezteko epea

Berriketan 2022ko urr. 21a, 09:52
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak XVII. Tene Mujika beka sortu dute, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz. Abenduaren 11n amaituko da proposamenak aurkezteko epea; 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du lan irabazleak.

Gure herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke bekara, hala nola biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edota ikerketak; lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Deialdian jaso dutenez, proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. “Ez da fikziorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak”, ohartarazi dute.

Proiektuak bidaltzeko azken eguna abenduaren 11 da; artxiboa@deba.eus helbide elektronikora bidali behar dira proiektuak. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatuko dute epaimahaia, eta jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko dute irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Deialdiaren xehetasunak hemen irakur daitezke.