Zabalik dago urteko hirugarren mendi irteera bateratuan izena emateko epea

Berriketan 2023ko mar. 15a, 08:00

Igandean (martxoak 19) egingo dute irteera. Izena emateko azken eguna osteguna (martxoak 16) da.

Urteko hirugarren mendi irteera bateratua egingo dute igandean (martxoak 19) Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Mendi taldeetako ordezkariek aurreratu dutenez, Nafarroa aldera egingo dute hilabete honetako irteera. Zehazki, Jaunsaratsen hasi eta Berueten amaituko dute ibilbidea eta, bidean, Ireber (1.208 metro) menditik ere igaroko dira mendizaleak.

Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna osteguna (martxoak 16) da. Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da. Igandean, 08:00etan abiatuko da autobusa Arena tabernaren paretik. Irteeraren prezioa 12 eurokoa da bazkideentzat, eta 15 eurokoa gainerakoentzat. Prezio horren barruan garraioa sartzen dela esan dute.