Zabalik dago udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea

Berriketan 2022ko ots. 14a, 10:39

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31ra arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena.

50 laguneko bi zutabe abiatuko dira: bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

Topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak ere behar dira, eta horiek hautatzeko prozedura ere abiarazi du UEMAk. Udalekuetan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek ere martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma.

Topaketen inguruko informazio gehiagorako edota haietan izena emateko jo UEMAren webgunera.